Santutxuko Udaberriko Bertso Saioak zapatu honetan hasiko dira
2017-05-04 10:35 BertsolaritzeaMaialen Lujanbio, Miren Amuriza, Ibon Ajuria, eta Unai Iturriaga bertsolarien emonaldiagaz hasiko da ekimena, zapatu honetan.
Santutxuko Bertso Eskoleak eta Bilboko Udaleko Kulturea Sailak alkarregaz antolatzen daben bertsolaritzearen inguruko ohiko programeak 33. edizinoa dau aurtengoa. Bizkaiko uriburuan euskal kulturea eta hizkuntzea sustatu eta euskaltzaleen arteko topaleku izateko asmoagaz dator. Aldi berean, Santutxuko Bertso Eskola beteranoak Bilbon egiten dauen lana goraipatu nahi dabe .
Guztira hiru hitzordu izango dira Karmelo Plazan: maiatzaren 6an, 13an eta 20an, danak zapatuan eta eguerdiko 13:00etan. Hilaren 25ean, barriz, bertso-poteoak emongo deutso amaierea ekimenari arrastiko 20:00etatik aurrera.
Lehenengo saioan, Miren Amuriza, Ibon Ajuria, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio bertsolariak igongo dira oholtzara. Bigarrenean, Sustrai Colina, Jone Uria, Alaia Martin eta Amets Arzallus egongo dira. Karmelo plazan eskainiko dan hirugarren saioan, barriz, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Igor Elortza eta Andoni Egaña. Ohikoa danez, saio guztietan Santutxuko Bertso Eskolako kideak izango dira gai-jartzaileak.
Egitaraua maiatzaren 25ean, eguena, amaituko da, bertso-poteoaren edizino barri bategaz, arrastiko 20:00etatik 23:00etara izango da eta Santutxu auzoko hainbat astialdi gunetatik pasauko da: El Rincón, Bastertxu, Guretxe eta Kiski’s tabernetatik hain zuzen be. Bertso-poteoan Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Fredi Paiak osotutako hirukotearen bertsoak entzuteko aukerea izango dabe bertara hurreratzen diranek.
Arduradunek azpimarratu nahi izan dabe emakumeek egitarau honetan daben presentzia garrantzitsua, bertsolaritzearen panoraman % 15 inguru badira, Udaberriko Bertso Saioak egitarauan presentzia hori % 50era igotzen da.
Bideoprogramea ikusi hemen
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!