Azurmendi jatetxea, munduko onena Elite Traveler aldizkariaren arabera
2017-05-04 09:28 Jan edanakAurtengo ehun establezimendu onenen zerrendea argitaratu dau Elite Traveler-ek eta Eneko Atxarena agiri da lehenengo lekuan.
Lehenagotik be, Elite Traveler aldizkari espezializaduaren jatetxe gogokoenetako bat izan da Larrabetzuko Azurmendi: 2014an sartu zan urteko onenen zerrendan lehenengoz, orduko haretan zazpigarren lekuan. Igazko sailkapenean bigarren izan zan. Aurten lortu dau goreneraino heltzea. 2013tik urtero ohorezko leku hori bete dauen Grant Achatz txefaren Alinea jatetxeari aurrea hartu deutso, beraz, Eneko Atxak.
Elite Traveler aldizkariaren zerrenda hori irakurleen eretxian oinarrituta egiten da. 2017ko zerrendako goiko postuan Eneko Atxa dago eta, haren ostean, Chicagoko Aliena eta New Yorkeko Eleven Madison Park. Lehenengo hamarren artean, Ingalaterrako, Italiako, Suitzako eta Txinako jatetxeak be badagoz.
Eneko Atxaren esanetan, aldizkariaren eta irakurleen errekonozimendu hau une onean dator, bere proiektuak zabaltzen eta nazinoartekotzen dagozanean.
Zerrendan atzera eginaz, hurrengo euskal ordezkaria Martin Berasategi da, 48. lekuan. Andoni Luis Adurizen Mugaritz 59.a da. Juan Mari Arzak 67. lekuan dago. Zerrenda osoa, hemen.
Larrabetzuko Azurmendi jatetxea Larrabetzun dago eta hiru Michelin izar ditu. Laster, Eneko izeneko beste jatetxe txiki bat zabalduko dau Eneko Atxak, Larrabetzun bertan. Ganera, sukaldari bizkaitarrak beste lokal bat dauka Londresen eta uda ostean Tokiokoa zabalduko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!