'Lady Macbeth'

Karolina Almagia 2017-05-03 13:20   Zinema kritikak

Katherine mundu zarratu eta ilunean bizitera kondenauta dago. Baina senar gaiztoak bidaiatzen dauenean, amorante baltz bategaz alkartzen da.

- Zuzendaria: William Oldroyd.

- Gidoia: Alice Birch, Nikolai Leskov-en eleberrian oinarritua.

- Aktoreak: Florence Pugh, Christopher Fairbank, Cosmo Jarvis, Naomi Ackie, Bill Fellows, Ian Conningham, Paul Hilton, Joseph Teague, Golda Rosheuvel.

- Generoa: Dramea, XIX.mendea.

- Iraupena: 89 min.

- Herrialdea: Erresuma Batua.

- Balorazinoa: 2/5

2017ko Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean parte hartutako pelikula honek defendatzaile beste gaitzezle izan zituan. Orain, karteldegian topau dugu, bikoiztuta,  baita jatorrizko bersinoan be gaueko emonoldian. Titulu hori dauen arren, William Oldroyd-en lehenengo film luzeak ez dauka zerikusirik Shakespeare-gaz, Nikolai Leskov-en eleberri baten oinarrituta dago eta.

Victoriar garaiko emakume baten istorioa kontetan deusku: Katherine (Florence Pugh) lurjaube desatsegin bategaz ezkondu barria, mundu zarratu eta ilunean bizitera kondenauta dago. Baina senar gaiztoak bidaiatzen dauenean, amorante baltz bategaz alkartzen da.

Hasikeran emakumezkoaren askatasuna sinbolizetan dauen narrazio bat emoten dau, baina gero sinistezina dan amodiozko istorio toxiko bihurtuz doa. Izan be, gidoiak huts egiten dau eta hori da faktura ona dauen film honen arazo nagusia.  

Katherinen eboluzinoa ez da bape sinisgarria. Ez da ulertzen zergaitik egiten dituan astokeriak.  Amoranteen artean kimika eskasa dago eta erotismo gitxi. Pasino eutsiezina islatu nahi izan arren, askotan erridikulua eta narritagarria egiten da. Erakarmen sutsua erakutsi nahi dau baina artifizioa baino ez da agertzen. Amaieran, gupida bako hilketakaz, telenobela etxurea hartzen dau.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu