Kilometroak 2017k badauka bideoklipa
2017-05-03 09:59 Euskerea berbagaiLelaixoka! izango da irailaren 24an Oñatin ospatuko dan Kilometroak 2017ren leloa.
Jentetzea batu zan irailaren 24ko jai erraldoia iragarriko daben kantua eta bideoklipa ezagutzera emoteko aurkezpenean. 89ko Kilometroak jaia abiapuntu hartuta, azken hiru hamarkadetako Oñatiko musikagintza eta kulturgintzeari errepaso txikia egin jakon ordubete pasatxuko ikuskizunaren bitartez; zuzeneko musika emonaldia, bideo proiekzinoa eta Irazan antzerki taldearen esketxek osotu eben jaialdia.
Amaia Txintxurreta eta Markel Irizar txirrindulariak aurkeztutako jaialdiak momentu hunkigarri asko izan zituan: Latzen taldeko Aitor Uriartek, Juan Carlos Irizarren pianoaz eta ikastolako ikasleen laguntzaz Laztana abesti ezaguna kantau ebenean, Iñaki Igartua eta Joseba Lasagabaster bertsolariak desagertutako Patxi Hipolito eta Jose Mari Agirrebengoa Txinparta gogoratu ebenean edota ikastolako ikasle gazteek Olatz Zugastiren Bizirik gaudelako abestia ikastolako sortzaileei eskaini eutsenean.
Kontuak kontu, horreekaz guztiekaz batera partaide zerrenda luzea pasau zan taula gainetik: ikastolako kantu tailerreko umeek eta zenbait irakaslek 89ko Kilometroetako kantua gogora ekarri euskuen Juan Carlos Irizar (orduko abestiaren sortzailea) lagun ebela; Hor Konpon taldeko kideak 21 urteren ondoren barriro taula gainera igon ziran Bake dantza abestia kantetan; Ruper Ordorika eta Ander Etxanizek Ordorikaren abesti klasikoa dan Zaindu maite duzun hori abestu eben, Markel Irizarri eta dagoeneko gure artean ez dagozan ikastolako kideei eskainiz; Sharon Stoner eta Malenkonia talde oñatiarrek oraindino be musikan zer esan badabela erakutsi euskuen.
Jaialdiaren amaieran etorri zan aurtengo bideoklipa eta kantua ezaguteko momentua; biak ala biak auzolanean oinarrituta sortutakoak. Kepa Aranburu Agirrek eta Bernat Alberdik zuzendutako bideoklipa ikusgai izan zan lehenengo. Sharon Stoner taldearen musikea tarteko dala, gaztetxu bati Kilometroak jaiaz burura jatorkona irudikatzen da. Stop Motion teknikea erabilita osotu dabe hori eta ikastolako ikasleek eta herriko beste hainbat taldek hartu dabe parte. Kantuari herriko musikariek jarri deutsie doinua eta Txinparta bertso eskolakoek berbak. Grabaketan parte hartutako musikari eta abeslari guztiak taula gainera igon eta abestia zuzenean kantauta amaitu zan ikuskizuna.
Lelaixoka!
Horixe da irailaren 24an Oñatin ospatuko dan Kilometroak 2017ren leloa. Lekaixo berbeak, oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan gura dau. Aspaldiko euskaldunek erabilten eben deia, irrintzia eta oñatiarrez lekaixua, abisuak pasetako, arazoak komuniketako zein urrun egozanei hurrekotasuna adierazoteko. Oinarrian, gure arbasoakandik jaso dogun herri ohiturea, irrintzi, doinu eta berbearen komunikatzaile barriak gara.
Lekaixoka berbearen oinarrian, auzolanaren idea dago; hortik, auzolanetik sortu eta sortzen garelako, Txantxiku Ikastolea bera be orain dala 50 urte auzolanetik sortu eta hazi dalako. Horregaitik, auzolana da Kilometroak jaiaren oinarria.
Lekaixoka! adierazoten dauen Irudia, lekaixoa bera da; irrintziaren soinu uhinaren errepresentazinoa izateaz gan, formeak Oñatiko Aloña mendiko gailurreriaren irudia be islatzen dau.
Irudia Txantxiku Ikastolako hiru ikasle ohien artean sortu dabe: Xanti Ugartek, Amaia Martinez de Arenazak eta Ander Etxanizek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!