Ikasle eta arte eszenikoetako profesionalen topagune bihurtuko dan tartea edegi dau Dantzertik

Bizkaie! 2017-05-02 10:32   Kulturea

Dramaturgia ardatz hartuta, egitarau zabala atondu dau Dantzertik maiatzaren 8tik 11ra.

Arrakala 2017, irekidura sakona eta luzea izenburu nagusi hartuta, Dantzerti – Euskadiko Arte Dramatiko eta Jantza Goi Mailako Eskoleak bertako ikasle eta arte eszenikoen eremuko profesionalen arteko topagune bihurtu nahi dauen zirrikitu bat edegi dau, arrakala, aldi berean antzerki eta jantza munduko profesional horreek be eskolan parte hartu ahal izan deien.

Arrakala 2017ren barruan atondu dan espazioan, eskolako ikasleentzat lez eskolatik kanpokoentzat be edegia izango dan ikastaro-programa berezia atondu dau Dantzertik. Ikastetxea barru-barrutik eta bere ohiko ikasgaien bidez ezagutzeko ateak be edegiko ditu egun batez, beste hainbat jardueragaz batera. Guztiak, maiatzaren 8tik 11ra bitartean Dantzertiren egoitzan bertan.

Arrakala 2017k dramaturgia hartu dau ardatz nagusi, dramaturgia, modurik zabalenean ulertua: idatzizkoa, eszenikoa, gorputzetik abiaturikoa...

Dantzertiren helburu nagusiakaz bat egiten dau Arrakala 2017k bete betean: ikasleei antzerkiaren eta jantzearen inguruan gogoeta eragin eta profesionalizazinora eroango dituan esperientzia eskaintzea, batetik, eta arte eszenikoek gizartean daben lekua jagotea, bestetik.

Dantzerti eskolatik kanpoko lagunek izena emon beharko dabe intereseko dituen jardueretan parte hartu gura izan ezkero, profesional konbidaduek eskainiko dituen tailerretan batez be, plaza kopurua mugatua
izango baita. Arrakala 2017 egitarauaren barruan antolaturiko jarduera guztiak Dantzertiren egoitzan egingo dira (Ibarrekolanda Plaza, 1 - Bilbo).

Tailerretan izena emoteko epea maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik. Bideak: Dantzertiren egoitza (Ibarrekolanda plaza, 1 Bilbo); epostaz: arrakala@dantzerti.eus; telefonoz: 946570600


Tailerrak, irakasle konbidatuen eskutik

Arte eszenikoen arloan entzute handiko irakasle Konbidaduek zazpi tailer eskainiko ditue bai Dantzertiko ikasleentzat, bai bertaratu nahi dauen edozeinentzat David Barbero, Joan Casas Fuster, Patxo Telleria edo Dejabu Panpin Laborategiak, besteak beste, ikasleakaz euren ezagutzak konpartiduko ditue, hainbat ariketa praktikoren bidez.


Joan Casas Fusterren berbaldia, eta Dantzertiren Liburutegia aurkeztea

Dantzertik antolatu dauen aste honetako berbaldi nagusia maiatzaren 9an izango da, Joan Casas Fuster antzerkigileak eskainia: Artes Escénicas: la crítica y la teoría en la formación del artista izenburupean. Casas Fusterrek antzerkian egin dauen ibilbide profesionalaren errepasoa eskainiko dau, eta artistek izan beharreko formazino akademikoa defendiduko dau berbaldian.

Antzerkigile katalanak euskal antzerkiagaz dituan hartu-emonak aspalditik datoz, 80koen hamarkadan hasi baitzan Geroa taldeagaz. Baina Dantzerkigaz dauen lotureak be aparteko aitamena merezidu dau, hartu-emon horreek eskoleagaz izan dauen eskuzabaltasunetik baitatoz. Oraintsu, bere liburutegi personaleko 2.000 ale inguru Dantzertiko liburutegiari dohaintzan emon deutsoz Casas Fusterrek. Dantzertiren
liburutegia Arrakala 2017 egitarauaren barruan aurkeztuko da, Joan Casas Fuster bertan dala.

Antzerkiagaz zuzenean loturea daben eta mendebaldeko antzerkiaren garai guztiak batzen dituen lehen eta bigarren mailako testuek osotzen dabe liburutegia: ekialdeko antzerki tradizinoko lanak, frantsesez, italieraz, portugesez, katalanez eta gaztelaniaz argitaratutako ikerketak eta aldizkariak. Arte eszenikoetako edozein profesionalentzat interes handiko bildumea eta Dantzertiko liburutegiaren garapenerako material bikaina, bai ikasle bai herritarrentzat. Emondako liburuki batzuk gaur egun topetako ezintasuna, bere dohaintzaren balio ekonomiko itzelari gehitzen jako, betibe, Casas Fusterren eskuzabaltasun filantropikoari lotuta.


Ateak zabalik

Maiatzaren 11n, Dantzertik ateak edegiko ditu eskolan egunero egiten dan lana sakonago ezagutu nahi daben ikasleentzat eta euren senitartekoentzat, Dantzertiko ohiko ikasgaiak be bertatik bertara ezagutzeko aukereagaz. Goi mailako Arte Dramatiko zein jantza ikasketen inguruko azalpenak edo sarbide-proben
inguruko argibide guztiak eskainiko jakez egun horretan bertaratzen diranei. Ateak edegiteko egun honetako plaza kopurua mugatua danez, parte hartu nahi daben ikasleek izena emon beharko dabe aurretik, e-postaz: administraritza@dantzerti.eus, maiatzaren 5era arte zabalik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu