Leioak XVIII. Kaleko Artisten Azokea atondu dau, aire libreko 150 ikuskizun baino gehiago tarteko dirala

Bizkaie! 2017-04-27 09:42   Kulturea

Maiatzaren 18tik 21era, Umore Azokeak kaleko arteen erakustoki onena bilakatuko dau Leioa, erabateko 21 estreinaldigaz.

Umore Azoka Leioak, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azokeak kaleko ikuskizun onenakaz beteko ditu barriro udalerriko kaleak, Euskal Herritik, Estaduko ganerako lekuetatik eta mundu osotik etorritako 50 konpainiaren eskutik. Azokearen XVIII. edizinoak erabateko estreinaldi izango diran 21 ikuskizun, Estaduan estreinauko diran 9, kaleko estreinaldi 2, eta work in progress bat jasoko ditu. Hori dala eta, egitarauaren heren bi baino gehiago barrikuntzak izango dira.

Umore Azokea Leioako programazinoaren aurkezpena bart izan da Bilbon; ekitaldian Mari Carmen Urbieta Leioako Alkatea, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusia eta Ana López Asensio Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Saileko Zuzendaria egon dira.

Mari Carmen Urbietak azpimarratu dauenez, maiatzaren 18tik 21era, Leioa Kaleko Arteen erreferentziazko puntu bilakatuko da barriro, eta dagoeneko 18 urte bete dituan ekitaldiaren alde udalerria egiten dagoan apustua azpimarratu dau: Konpainiek parte hartzeko erakusten daben interesak eta gero eta ikus-entzuleen presentzia handiagoak argi eta garbi erakusten dabe urtero egiten dogun esfortzu ekonomikoak merezidu dauela.

Aurreko edizinoan legez, aurten be Umore Azoka Leioak lekua gordeko dau udalerriko kolektibo artistikoetarako, Tokiko Eszena ekimenaren bitartez; esangura horretan, Urbietak adierazo duenez, azokea aukera ederra da Leioarentzat, eta gure udalerriko persona sortzaileek be erakusleiho bikain honetan parte hartzea gura dogu.

Sorkuntza artistikoaren ikuspuntutik, Ana López Asensiok programearen kalidadea eta aniztasuna azpimarratu ditu, eta parte hartuko daben konpainiak 500 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu dituela gogorarazo dau. Era berean, barrikuntzearen eta aniztasunaren aldeko apustua aitatu ditu, Umore Azoka Leioak programazino sendoa eta kaleidoskopikoa eskaintzen dauelako aldi berean, diziplina anitzeko ikuskizunek eta genero anitzek osotutakoa, musikea, bertsolaritzea, magia, clown, piroteknia, multimedia, txotxongilo eta automatak tarteko dirala.

Horrezaz gan, Umore Azoka Leioa ezinbesteko erreferentzia bilakatu da euskal sorkuntza sektorerako, parte hartuko daben 22 konpainietatik (EAEko 20 eta Iparraldeko 2), 14 sekula ikusi bako ikuskizunakaz etorriko baitira; Umore Azoka Leioa, Euskal Herri osoko artistek eta profesionalek euren agendan gorriz markautako hitzordua da, ondoren kontratauko dituen profesional askoren artean euren lanak Leioan erakutsiz izan leikien zabalkundeagaitik, adierazo dau Ana López Asensiok.


50 konpainia eta 150 emonaldi

Azokeak irauten dauen 4 egunetan Leioara hurreratzen diran personek aukera zabalaren artean hautatu ahal izango dabe, modu librean edo antolatzaileek proponidutako ibilbide artistikoak jarraituz. Euskal Herriko konpainiei jagokenez, aurten ondoko taldeek hartuko dabe parte: Amaia Elizaran, Bilaka, Cía. Barré, Cía. Tornado, Compañía Eva Guerrero, Compañía Trotamundos, El Gran Rufus, El Mono Habitado, Ertza Dantza, Garazi & Cía., Haatik Dantza Konpainia, Hortzmuga Teatroa, Jaiotz Osa, Kukai Dantza & Brodas Bros, Lekittoko Deabruak, MDV Danza, Mugmus Laborategia, Shakti Olaizola, Teatro a la Boina, Tetes de Mûles, Trapu Zaharra, eta Turukutupá. Guztiek ikuskizun bakarra eskainiko dabe, bi eskainiko dituan Haatik Dantza Konpainia kenduta.

Estreinaldien artean azpimarratzekoak dira Kukai Dantza taldearen eta Brodas Bros katalanen Topa ikuskizuna, Umore Azokeak eta Festival Sismògraf de Olot izenekoak produzidutakoa. Ikuskizun horretan euskal jantza tradizionalak eta hip-hop-a buztartzen dira. Antzeko zeozer jazoten da Lekittoko Deabruak taldearen Anabasa lanagaz, Mediterraneoko correfoc-etan inspirau baita, musika eta piroteknia ikuskizuna sortzeko, euskal tradizinoen ikuspegitik begiratuta. Nabarmentzekoa da side –show-ean inspirauta dagoan eta karpa baten azpian antzerkia, zirkua eta magia erakusten dituan Tetes de Mûles-en ikuskizuna.

Estaduko ganerako lekuetatik, azpimarragarria da Kataluniako konpainien presentzia, 9 ordezkari baitatoz bertatik. Horrezaz gan, Andaluziako 3, Gaztela-Leongo eta Murtziako 2na eta Gaztela-Mantxako, Valentziako Erkidegoko, Madrilgo eta Balear Ugarteetako bana etorriko dira. Proposamenek, Karla Kracht & Andrés Beladiezen multimedia instalazinoa, Compañía Toti Toronellen automatena edo The Opposite Hand-en jantza bertikala dira, Valentziako Maduixa konpainiaren trikimako gaineko ikuskizun saritua ahaztu barik.

Nazinoarteari jagokonez, Frantziako konpainiak protagonista izango dira aurten be, 4 ordezkarigaz; horreen artean azpimarragarria da Kaleko Arteetan 17 urte daroazan eta nazinoarte mailan ospe handia dauen Pudding Théâtre. Azpimarratu behar da nazinoarteko 8 konpainiek (Frantziako 4, Frantzia-Uruguaiko bat, Hungariako bat, Suitzako bat eta Herbehereetako bat) orain arte Estaduan ikusi bako 7 ikuskizun eskainiko dituela, horreetako batzuk oso bereziak, Madam Kanibalek eskainiko dauen antzerki, clown eta fakirismo nahasketa barritzailea, besteak beste.


Azoka profesionala

Ana López Asensiok gogorarazo dauenez, Umore Azoka Leioaren jarduerea ez da ikuskizun artistikoetara mugatzen. Programearen oso parte garrantzitsua jarduera profesionalagaz dago lotuta; Bere izenak adierazoten dauen legez, Umore Azoka Leioa azoka bat da, artistentzako eta programatzaileentzako topalekua, bertan esperientziak konpartiduteko eta jokera barriak ezagutzeko, baina, batez be, merkatu bat da, Leioan euren programazinoetarako ikuskizunak aukeratzen, akordioak zarratzen eta kontratuak sinatzen dituen ehun profesional baino gehiago etorriko diralako, adierazo dau zuzendari artistikoak.

Aurtengo edizinorako aurreikusitako ganerako jardueren artean, hainbat erakunderen batzarrak dagoz, Sarearena-Antzokien Euskal Sarearena eta Kaleko Arteen Profesionalen PATEA Alkartearena, besteak beste. Horrezaz gan, kaleko arteen gizarte balioari eta kontakizun mediatikoari buruzko gogoeta jardunaldiak eta Artekale Espazioan egingo diran topaketa azkarren edo Speed Meeting izenekoen saioak be egongo dira. Jarduerak goizez izango dira, azokeak irauten dituan lau egunetan, holan ikuskizun artistikoak jarraitzeagaz bateragarri izan daitezan, salbuespen batzuekaz; hori jazoko da maiatzaren 9an eta 10ean Kultur Leioan egingo diran Arteen Sukaldaritza jardunaldiakaz. Bertan hainbat adituk hartuko dabe parte, Madrilgo Unibersidade Konplutenseko María Velasco irakasleak, Bartzelonako SMUCeko Xavier Fina irakasleak edo Lucía Litjmaer eta Aida Pallarés kazetariek, besteak beste.

Maiatzaren 19an, barikuan, 14:30ean, XVIII. edizinoan parte hartuko daben konpainiei eskainiko jaken harrera ekitaldi ofiziala ospatuko da eta Umore Azoka Leioa 2016ko sariak banatuko dira. Ekitaldia Mendibile Jauregian egingo da, eta Umore Azoka 2017 Sari Berezia be bertan banatuko da.

Jarduera paraleloen artean, Leioako Kalian Uri Kulturgunea arte alkarteak Piknik Kalian Pinosolo espazioa antolatuko dau hirugarren urtez jarraian. Bariku arratsaldeko 17:00etatik eta ia etenik barik domeka gaueko 22:00ak arte, Pinosolo Parkeak mueta guztietako jarduera ludikoak jasoko ditu.

Igazko datuei erreparauta, 38.000 lagun baino gehiago hurreratu ziran Umore Azoka Leioara, udalerriko uriguneko hogeita hamar espazio eszeniko inguruetan. Aurten be, 200 artista baino gehiago eta sektoreko beste horrenbeste profesionalek parte hartzea espero da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu