Gerra Zibilean Bizkaia faxisten esku geratu zanekoa gogoratuko dau Euskadiko Artxibo Historikoak

Bizkaie! 2017-04-26 17:26   Kulturea

Hurrengo asteotan hiru berbaldi egongo dira eta erakusketa bat zabalduko da bagilean. 1937ko jazoeren ondorio gogorrak aztertzea izango da helburua.

Euskadiko Artxibo Historikoak Bilbon, Maria Diaz de Haro kalean, daukan egoitza nagusian izango dira ekitaldiok. 1937an, burruka gogorrak egon ziran Bizkaiko hainbat eskualdetan eta, azkenean, Francoren aldekoak nagusitu ziran. Ekialdetik mendebaldera, Bizkai osoa menpean hartu eben urte haretako uda hasikerarako. Burrukaldiek eta bonbardaketek, baita ondorengo jazoerek be, herritarrakan izan zituen ondorioak gogoratzea da Artxibo Historikoaren asmoa.

Apirilean eta maiatzean hiru berbaldi egongo dira; hirurak hasiko dira 19:00etan, lehenengoa, apirilaren 27an, eguen honetan, izango da. Zeruko laguntzinoa Francori izenburuko berbaldia eskainiko dau Xabier Irujo historialari eta Renoko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak. Gernika liburua be aurkeztuko dau.

Hurrengo hitzordua maiatzaren 4an izango da. Carmen Kilner-ek egingo dau berba, ¡Adiós niñas y niños! Evacuación a Gran Bretaña izenburuko saioan. 1937an, Habana ontzian Britainia Handira erbesteratutako baten alabea da Kilner, eta The Association for the UK Basque Children alkarteko kidea.

Amaitzeko, maiatzaren 11n, La guerra de las mujeres berbaldia eskainiko dabe Izaskun Orbegozo abogadu eta kriminologoak eta Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Alkarteko kideak.

Ondoren, bagilaren 19an hasita, erakusketea ikusi ahal izango da Artxibo Historikoaren egoitzan. Bilboren erorketea lehen planoan izango da izenburua, izan be, bagilean bertan beteko dira 80 urte faxistak Bilbon sartu zirala. Abuztuaren 11ra arte ikusi ahal izango da. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskadiko Artxibo Historikoak eta Sabino Arana Fundazinoak antolatu dabe ekimen hau, Nafarroako Foru Gobernuaren eta Indalecio Prieto Fundazinoaren laguntzinoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu