Xabier Saenz de Gorbearen omenezko erakusketea, Gernikako Euskal Herria museoan

Bizkaie! 2017-04-24 11:07   Kulturea

Komisario, kazetari eta ikerlari legez agiri da Saenz de Gorbea erakusketan. Gernikagaz eta bonbardeoagaz izan eban loturea be azaltzen da.

Xabier Saenz de Gorbea, Gure Artea saria jaso ebanean (argazkia: B. Armesto) | Ikusi handiago | Argazki originala

Xabier Saenz de Gorbearen Gernikak, in memoriam izeneko erakusketearen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta erakunde horren menpeko Euskal Herria museoak omenaldia egin nahi izan deutsie oraintsu hildako kulturgile bizkaitarrari. Gaur hasi eta 2018ko urtarrilera arte ikusi ahal izango da erakusketea.

Euskal Herria museoaren eta Xabier Saenz de Gorbearen arteko hartu-emon oparoa 1999an hasi zan, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez. Urte haretan, Hilobi eskultura publikoa eta euskal eskultoreak, 1870-1936 erakusketea atondu eban Gernikako museoan. Ondoren, errekonozimendu handia ekarri eutsan Gernikak erakusketa sortea preparau eban. Uriari laga deutsan obra gailena dira Gernikak saileko zortzi erakusketak, Foru Aldundiaren ustez.

Hain zuzen be, zabaldu barri dan erakusketan, Saenz de Gorbeak Gernikako uribilduari egindako ekarpena nabarmentzea eta erakustea da asmoa. Izakera dokumentaleko erakusketea da eta, bide batez, omenaldia be bada. Arte komisarioa, kazetaria eta artearen historiaren inguruko ikerlari oparoa izan zan Saenz de Gorbea, eta alderdi horreek guztiak batu ditue. Funtsean, Saenz de Gorbeak Euskal Herria museoan atondutako erakusketen sintesia da.

Era berean, Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrena beteko da egunotan. Saenz de Gorbeak gai hori be landu eban eta erakusketan batu da. Bonbardeoaren, Gernikaren eta Euskal Herria museoaren inguruan egin zituan kazetaritza lanak pantaila baten agiri dira.

Kepa Garraza, Javier Arce eta Ibon Aranberri artistek, besteak beste, bat egin dabe erakusketeagaz. Euren lanak laga deutsiez Euskal Herria museoari. Erakusketearen osogarri, katalogoa argitaratu dau museoak, CD formatuan. Xabier Saenz de Gorbeak Euskal Herria museoan egindako erakusketa guztien informazinoa digitalizauta agiri da bertan. Foru Aldundiaren esanetan, modu horretara, hurrengo belaunaldiek Saenz de Gorbearen ekarpena ezagutu eta haren ahalegina eskertu ahal izango dabe.  

Xabier Saenz de Gorbeak (1951-2015) arteagaz lotutako ikasketak egin zituan eta euskal artearen sustapenean aitzindaria izan zan. Besteak beste, Windsor galeria sortu eban, Roberto anaieagaz batera, 1971n. Euskal artearen inguruan asko idatzi eban, bai ikerlanetan eta baita prentsan be. Ganera, kartelak diseinau zituan eta bideogintzan ibili zan.

Komisario lanetan, 200 erakusketa baino gehiago atondu zituan Saenz de Gorbeak. Ganera, hainbat museotan kolaboratzaile izan zan. Horregaitik guztiagaitik, 2012an Gure Artea saria emon eutsien, arte bisualen arloan.

2017/04/24 - 2018/01/21

Gernikako Euskal Herria museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu