Getxoko ibilbide toponimikoak apirilaren 29an hasiko dira

Bizkaie! 2017-04-21 13:40   Euskerea berbagai

Udalerriko hainbat lekutako historia, ondarea, paisaia eta toponimia ezagutzeko aukerea izango da. Getxoko Udalak eta Bizarra Lepoan alkarteak antolatu ditue ibilbideak.

Beste urte batez, martxan ipiniko ditue asteotan Getxoko ibilbide toponimikoak. Ikastetxe, euskaltegi eta alkarteei zuzendutako ekimena da batez be, baina edozein herritarrek parte hartu leike. Bi edo hiru orduko txangoetan, parte-hartzaileek Getxoko hainbat gunetako azalpenak entzun ahal izango ditue eta, leku-izenen bidez, udalerriko historia, naturea eta ondarea hobeto ezagutuko ditue.

Apirilaren 29an hasiko dira ibilbideak. Oraingoan, honeek eremuak bisitauko ditue: Hezegunea, Kostaldea, Getxo barria, landa eremuko Getxo eta Punta Begoñako galeriak. Azalpenak euskeraz emongo dira, baina parte-hartzaileetako batzuek ondo ulertzen ez badabe, txangoa horreentzat be egokituko dabela zehaztu dabe antolatzaileek.

Ibilaldien egutegiaren barri emon dabe Getxoko Udalak eta Bizarra Lepoanek. Lehenengo urteerea, apirilaren 29koa, Hezeguneetakoa izango da. Maiatzaren 22an barriro joango dira hara. Bolue, Santa Coloma eta Gobela ibaiaren ingurunea ezagutuko dabe parte-hartzaileek.

Kostaldeko ibilbidea maiatzaren 13an eta 31n egingo da. Algortako Portu Zaharra, Aixerrota eta itsaslabarrak bisitauko ditue, besteak beste. Maiatzaren 27an eta bagilaren 14an, Getxoko alderdi barria ezagutzeko txangoa egingo da: Neguri, Axekolandeta, kirol portua...

Bagilaren 5eko eta 17ko ibilbidea berezia izango da, bizikletaz egingo dalako. Getxoko baserritar eremua bisitauko dabe egun horreetan, Andra Mari, Azkorri eta Galea inguruetan. Amaitzeko, Punta Begoñako galerietako ibilaldia bagilaren 10ean izango da. Uda ostean be ibilaldi gehiago egongo dira.

Ibilaldi toponimikoetan parte hartzea doban da. Zapatuetan 09:30ean hasiko dira eta aste barruan diranean, 18:00etan. Informazino gehiago eta izena emoteko argibideak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu