Ekitaldi ugari Gernikan, bonbardaketearen 80. urteurrena gogoratzeko

Bizkaie! 2017-04-21 08:10   Kulturea

Zapatuan, apirilaren 22an, hasiko da egitaraua eta momentu gorena 26an izango da. Musikea, antzerkia, berbaldiak eta abar egongo dirala aurreratu dau Gernika-Lumoko Udalak.

Irudia: Gernika-Lumoko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Gernikako uria goitik behera aldatu eban jazoerea izan zan bonbardaketea, 1937ko apirilaren 26an. Jente ugari hil eta uriaren erdigunea guztiz erre zan. Horrezaz gan, Gerra Zibileko pasarterik gogoratuenetako bat da Gernikako bonbardaketea, euki eban sinbolismoagaitik. Picassok marraztutako Guernica koadroa gerrearen kontrako aldarri bihurtu da eta Gernika-Lumoko uria bera, pakearen aldeko ikurra da. Horregaitik, bonbardaketearen 80. urteurrenerako ekitaldi ugari antolatu ditue urian.

Apirilaren 22an hasiko dira ekitaldi nagusiak. Egun horretan, 11:00etan, omenaldia egingo jako Jose de Labauria 1937an Gernika-Lumoko alkate zanari. Don Tello eta Nere Kabia kaleen arteko plazeari Labauriaren izena ipiniko deutso Udalak. Lora eskaintzea be egingo deutsie.

Hilaren 24an, astelehenean, dohaintzan emongo deutsiez Bakearen Museoari gerrako testigantzen agiriak, Elai Alain eguerdian egingo dan ekitaldian. William Smallwood Egurtxikik egindako alkarrizketak dira. Smallwoodek berak eta Xabier Irujok idatzitako liburuaren euskerazko itzulpena be aurkeztuko dabe egun horretan bertan.

Gerra Zibilean Euskal Herrian egindako bonbardaketen inguruko mintegia egingo da Elai Alain hilaren 24an eta 25ean. Xabier Irujok, Angel Viñasek, Paul Prestonek eta beste hainbat adituk parte hartuko dabe.

Kolonbian pakegintzan jarduten dauen erakundeko buru Sergio Jaramillori harrerea egingo deutsie Gernika-Lumoko udaletxean hilaren 25ean, martitzenean. Egun horretan bertan, Gernika-Lumo eta Kurdistango Kobane uria alkarren lagun izateko agiri ofiziala sinatuko da. Memoriaren plaza erakusketa ibiltaria be zabalduko da martitzenean.

Apirilaren 26an, 80 urte beteko dira bonbardaketatik; urtero ekitaldi hunkigarriak egiten dira egun horretan eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Lizeo Antzokian, Pakearen eta Adiskidetzearen Gernika sariak emongo jakez aurtengo sarituei, hau da, Kolonbiako pake prozesuan parte hartu daben Juan Manuel Santos presidenteari eta Rodrigo Londoño FARCekoari. Gervasio Sánchez fotokazetariak be gorazarrea jasoko dau.

George Steer eta Mathieu Corman kazetariei lora eskaintzea egingo deutsie hilaren 26an, bonbardaketearen barri zabaldu ebelako munduan. Gerrako korresponsal guztientzat be izango da gorazarrea, Udalak zehaztu dauenez. Sirena hotsa etorriko da gero eta, Zallo kanposantuan, bonbardaketan hildakoen aldeko mezea eta ekitaldia egongo dira.

Iluntzean, 19:00etan Eriabarrenean hasita, Gernika garretan antzerki ibiltaria ikusi ahal izango da uriko kaleetan. Ondoren, manifestazino isila egingo da kandelakaz.

Era berean, Gernika-Lumoko Udalak gogoratu eragin dau, Kolonbiako pake prozesuaren inguruko erakusketea dagoala Bakearen Museoko eta Kultura Etxeko fatxadetan. Prozesu horretako momentu esanguratsuenak batzen dira erakusketan, adibidez Juan Manuel Santosek eta Rodrigo Londoñok pakerako agiria sinatu ebenekoa. Urrira arte ikusi ahal izango da erakusketea.

Bonbardaketearen urteurrenaren harira, beste ikuskizun eta aurkezpen batzuk be antolatu ditue egunotan. Egitarau osoa eta katalogoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu