Karrantzak hartuko dau 55th World Wide SketchCrawlaren Euskal Herriko topaketea

Bizkaie! 2017-04-18 10:23   Kulturea

Marrazkilarien begiradek zabalduko dabe haranaren irudia nazinoarteko deaialdian.

Karrantzan batuko dira Euskalherria’s Sketchcrawl taldeak erakarriko dituan marrazkilariak, San Franciscotik (California) egiten dan nazinoarteko deialdiari erantzunez. Topaketea apirilaren 29an izango da Enkarterriko txoko honetan, bere baliabide natural, arkitektoniko eta turistikoak hainbat lekutatik hurreratuko diran artisten begiradapetik papelera eta mundu zabalera eroateko, sare sozialen bitartez.

Apirilaren 3an edegi eban izena emoteko epea Euskalherria's Sketchcrawl taldeak eta 20ra arte egongo da zabalik. Karrantzako eraikinen aniztasuna, auzo desbardinetatik sakabanatuta, batez be abelzaintzan dabilen herri baten bizitea, elementu ikonikoz jositako paisajea goi mailako lehengaia izango da horizontala, parte-hartzailea dan proposamen honetarako alkarrengandik ikasteko, leku eta inguru desbardinetan ikasitakoa guztien eskura jarteko.

Hitzordua 10:00etan dago jarrita, Dolomitas museoan, garai bateko jarduera industriala ordezkatzen dauen eraikinean; hor bisitea egingo dabe, Bizkaiko labe garaiten garrantzia ulertzeko, Altos Hornos de Vizcaya enpresearentzat beharrezkoak ziran adreiluak bertatik ateratzen baitziran.

Sketchcrawlari amaierea emongo deutsie Ranero auzoan, Pozalagua kobazulora bisitea egin ondoren. Bertan estalaktita eszentrikoen kopurua nabarmena da, munduan gitxi dira horrenbeste daukiezanak. Sarrerearen ingurua nabarmentzekoa da: kobazuloaren sarrerea aierian itxi eban harrobian zizelkatutako auditoriuma eta harria garraiatzeko eraikinak Armañon Parketxea hartzen dau bere barruan.

Egunean zehar sortzen diran irudiak SketchCrawlaren nazinoarteko forora igoko ditue, han San Francisco, Tokio, Melbourne eta beste uri handitan egindakoakaz batera mundu zabalarentzat ikusgai egongo dira, Karrantza, Enkarterri eta Euskal Herriaren baliabideak ezagutarazoz.

SketchCrawl deialdia San Franciscotik luzatu eban, orain 11 urte, Enrico Casarosa Italiarrak, eta 2011n izan eban lehenengo oihartzuna Euskal Herrian, Donostian egin zan lehenengo bileran. Ordutik indartzen eta zabaltzen dagoan taldea daukagu gurean.

Taldearen ezaugarrietako bat, besteakandik bereizten dauena, bada hartzen dauen eremua ez dala uri bat, talde gehienek holako erreferentzia geografikoa dabelako. Gurean Euskal Herria da eta horrek eroaten gaitu gure geografiaren herrialde desbardinetara. Horrek beti ekarten dau mobidu beharra; Artzentales, Bergara, Iruñea, Ustaritze, Arrasate, Gasteiz, Laudio, Erratzu, Irun, Santurtzi, Zarautz... izan ziran Donibane Lohizunen batutako marrazkilarien jatorriak.

Topaketa honeetan pagetan dan gauza bakarra bazkaria da; aukera honetan Casa Garrasen batuko dira. Baina hori ez da izango lapitzei deskantsua emoteko momentua, oso ohikoa baita tarte horretan be marrazten jarraitzea.

Momentuz ezin jakin zenbat batuko garen, baina Donibane Lohizunen 54 marrazkilari alkartu ziran, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik joandakoak. Balmaseda, Donostia, Bergara, Iruñea, Eugi, Donibane Garazi, Elgeta, Ea, Lekeitio, Bilbo, Baiona, eta tartekoak Amurrio, Eibar bizitasunaren seinalea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu