Sarako Idazleen Biltzarra egun bikoa izango da aurten

Bizkaie! 2017-04-12 13:03   Euskerea berbagai

Ipar Euskal Herriko literaturearen topaleku nagusia apirilaren 16an eta 17an egingo da, Sarako pilotalekuan.

Sarako Idazleen Biltzarra (argazkia: EKE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pazko Asteleheneko urteroko hitzordua da euskal letretan Sarako Idazleen Biltzarra. Aurten be ez dau hutsik egingo eta, ganera, luzeagoa izango da. Astelehenean ez eze, bezperan be Ipar Euskal Herriko argitalpen barrienak ezagutzeko aukerea egongo da Saran. Egitarau oparoa dauka Biltzarrak urtero eta, horregaitik, antolatzaileek erabagi dabe egun bitan egitea, ekitaldiak pilotu ez daitezan.

Euskerazko liburuak eta Euskal Herriaren inguruan beste hizkuntza batzuetan (gehienbat frantsesez) idatzitakoak izaten dira hitzordu horretako protagonistak. Eta, batez be, idazleak. Izan be, irakurleen eta autoreen arteko topaleku izateko jaio zan Biltzarra. Irakurleek gogoko idazleagaz berba egiteko aukerea izaten dabe erakusmahaietan.

Aurreko urteetan legez, gazteak erakartea izango da helburuetako bat. Horrezaz gan, euskereari leku handiagoa egin nahi deutsie, bai argitalpenetan eta baita bisitarien ohituretan be. Horretarako, Biltzarra bera indartu egin da: Behargin bat kontratau dau Sarako Udalak (orain arte boluntarioen ardurea izan da), eta egun bira luzatu dabe egitaraua.

Guztira, 25 argitaletxe eta beste era bateko 20 alkarte inguru egongo dira erakusmahaietan. 140 idazle inguru irakurleakaz berba egiteko prest egongo dirala aurreratu dabe antolatzaileek. Fikzinoa, saiakerea, poesia eta abar egongo dira aukeran.

Jarduerei jagokenez, bost berbaldi antolatu dira aurten, horreetatik hiru euskeraz. Domekan, Karine Etxeberrik, Danele Sarriugartek eta Arantxa Urretabizkaiak egingo dabe berba mahai-inguru baten. Astelehenean euskerazko solasaldi bi egongo dira: Batak, Katixa Dolhare Zaldunbide, Maddi Zubeldia, Mixel Mendiburu eta Mikel Hiribarren alkartuko ditu; besteak, Kirmen Uribe eta Etxepare lizeoko ikasleak.

Aurreko hileetan hildako hiru idazle eta eragile ezagun omenduko ditue Biltzarrean: Piarres Xarriton, Marijane Minaberri eta Hasier Etxeberria. Lehenengo biak Ipar Euskal Herrikoak ziran eta, Etxeberria, ostera, Lapurdin bizi zan. Astelehen eguerdiko 12:00etan egingo jake omenaldia hirurei.

Bestetik, umeentzako txokoa be egongo da Idazleen Biltzarrean. Inguruko hamabost ikastetxetako neska-mutilek parte hartu dabe liburutxu bat egiten, Amesa gai nagusia dala, eta Saran aurkeztuko da.

Euskaltzaindiak berak, 34. Sarako Idazleen Biltzarrean egongo dala aurreratu dau. Piarres Larzabalen antzerkigintzea era sakonean aztertzen dauen ikerlana aurkeztuko dau Akademiak Saran. Astelehenean, hilak 17, egingo da aurkezpena, 10:40an. Bertan izango dira Andres Urrutia euskaltzainburua, Isabelle Echeverria ikerlaria eta Jean-Louis Davant euskaltzaina.

Piarres Larzabalek 1950etik 1982ra antzerkigintzeari egindako ekarpena aztertzen da liburuan. Ganera, orain arte argitaratu bako Larzabalen antzezlan biren testuak dakarz. Bestetik, astelehenean bertan, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren inguruko argibideak emongo ditu Akademiak Saran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu