Gorbeia be Basque FEST jaialdian

Bizkaie! 2017-04-12 09:16   Kulturea

Apirilaren 12tik 16ra, Bilboko Arenaleko Gourmet espazioan egongo da.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok inaugurauko dau 2017ko basque FEST, euskal kulturearen eta abangoardiaren jaialdia. Jaialdiak, euskal unibersoagaz lotutako ia 200 jarduerako bere egitarau zabalaren bidez, jarduera ekonomikoa bultzatuko dau Aste Santuan. basque FEST jaialdiak musikaz, gastronomiaz, herri kirolez, kale-animazinoaz, jantzaz, azokez eta beste hainbat planez beteko dau uria.

Bilboko alkateaz gan, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk eta Hondarribia Blues Festivaleko zuzendari Carlos Malles-ek be hartuko dabe parte inaugurazinoan, Hondarribia Blues Festival jaialdi konbidadua baita basque FEST 2017an. Hasiera-ekitaldi instituzionalaren ostean, White Towels Blues Band taldeak kontzertu bat eskainiko dau, Hondarribiko blues jaialdiak eta basque FESTek lankidetzan antolatuta.

 

Gorbeia basque FEST jaialdian

Bilboko Aste Santua basque FEST jaiaren erritmora mobiduten da, hau da, apirilaren 12tik 16ra izango dan euskal abangoardiaren eta kulturearen jaialdiaren erritmora, uria euskal unibersoaren kultura eta arte-adierazpenakaz beteten dauena. Bilbo jai espazio handi bat izango da, eta aisialdirako proposamen interesgarriez zein gastronomia eskaintza zaporetsuez ganezka egongo dira uriko zenbait espazio: Arenala, Plaza Barria, Azkuna Zentroa, Guggenheim Bilbao Museoa... Tradizinoa, nortasuna, abangoardia eta sormena izango dira edade guztietako lagunentzako jarduerez osotutako programearen osogaiak: kontzertuak, tailerrak, erakusketak, dastaketak, herri-kirolak, DJak, ikuskizunak, kaleko antzerkia, umeentzako animazinoa, erromeriak...

Gastronomiari jagokonez, aurten be Gorbeia izango da konbidadua Arenaleko Gourmet espazioan eskualdeko produktuak hurreratzeko: Orozkoko Gozatzeko Eztia, Urigoitiko Txorizoak, Bizkaibarne Txakolina, Ubideko Pagobieta Gaztaindegia eta Blanka Antoñanak Gorbeiako produktuakaz egindako pintxo goxo bat eta pintxo gazien showcookinga egongo dira. Honako jardunaldia, aukera ezin hobea izango da bertan dagoan jentea Gorbeiara be hurreratu daiten. Ganera, eskualdea ezagutarazoteko asmoz, datorren Aste Santuan disfrutetako 5 bisita gidatu antolatu ditu Gorbeia Gune Turistikoak; holan posible izango da Artzain Egun batez esperientzia bizitea Oletako Maider Unda, txapeldun olinpikoaren gaztandegian; Baias, Gorbeiako garagardaoa egiteko prozesua ikustea, Joselu Lopez eta Idoia Marañonen eskutik, Oiardon; Erlezain egun batez bihurtzea, Aramaioko Juan Mari Arriolabengoa erlezainagaz; eta Orozkoko Museo Etnografikoa eta Zeanuri herria ezagutzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu