Bilbo jarduera kulturalez beteko da Aste Santuan, Basque Fest-i esker
2017-04-04 08:06 KultureaApirilaren 12tik 16ra 200 jarduera inguru egongo dira Bilbon, gehienak dobakoak. Euskal unibersoari lotutako ekintzak izango dirala azaldu dau Udalak.
Kulturearen, astialdiaren eta gastronomiaren euskal nortasuna kalera aterako dau Bilbok Aste Santuan, Basque Fest programearen aurtengo edizinoan. Udalak zehaztu dauenez, bisitarientzako zein bilbotarrentzako jarduera aproposak antolatu ditue. Modu horretara, Aste Santuko jai-egunetan Bilbo jai eremu handi bihurtuko da. Orain arteko edizino guztien artean, osoena eta handizaleena izango da aurtengo Basque Fest, Udalaren ustez. Jarduera ekonomikoa sortzea eta uriaren dinamismoa bultzatzea dira helburuak.
Barrikuntzaz betetako egitaraua agindu dau Udalak, familia guztiarentzako proposamenakaz. Guztira, 200 jarduera inguru izango dira. Bost atal nagusitan banatuko dira: Gourmet, musikea, kulturea, Sport eta Market.
Juan Mari Aburto alkatea buru dala, apirilaren 12an zabalduko da egitaraua, Azkuna Zentroan. Hondarribia Blues Festival jaialdiagaz alkarlanean, White Towels Band taldearen kontzertua antolatu dabe han. Iluntzeko 20:00etan izango da ekitaldi hori eta, hortik aurrera, nahi beste proposamen izango ditue herritarrek eta bisitariek aukeran, hilaren 16ra arte.
Esate baterako, Guggenheim Museoaren ataria Basque Festeko eszenatokietako bat izango da lehenengo aldiz, Crazy Hospital taldeak han joko dau eta. Break-dance jantzak eta trikitixa doinuak buztartzen ditu talde horrek. Arenalean, ostera, gastronomiaren gunea egongo da, Euskal Herriko eskualdeen erakusmahaiak ardatz dirala. Tailerrak, dastaketak eta abar be egongo dira. Beste alde batetik, Arenalean eta Bilborocken euskal bakarrizketak egongo dira.
Nobedade handienetako bat Gernika ikuskizunaren estreinaldia izango da, Plaza Barrian, apirilaren 14an (21:00). Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Gorka Hermosa eta Jesús Prieto ibili dira emonaldi hori atontzen, Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrena gogoan.
Artxandan, ostera, euskal erromeria egingo dabe hilaren 16an. Azkuna Zentroan Urkoren kontzertua egongo da 13an. Kafe Antzokian, aurreko urteetako ohitureari kasu eginaz, Basque Fest City Rock jaialdia antolatu dabe. Kale eta plazetan be, musikea, kalejirea eta kaleko arteak egongo dira.
Bost eguneko egitarau oparoan, uriko 234 establezimenduk, 253 artistak, 56 enpresak eta 222 beharginek parte hartuko dabe. Jardueretan, guztira 73.000 parte-hartzaile egotea espero da eta 32.000 informazino-liburutxu banatuko dira.
Egitaraua, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!