Micaela Portilla Ikerguneak ateak zabaldu ditu

Bizkaie! 2017-04-11 08:04   Kulturea

Micaela Portilla Ikergunea abian jarrita ikerketearen erreferentzia bilakatuko da Euskal Herrian.

Atzo izan da Euskal Herriko Unibersidadeko Micaela Portilla Ikergunearen inaugurazino ofiziala, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zala. Ikergune honek Giza eta Gizarte Zientzietako ikerketa zientifikoari zerbitzu emoteko balio izango dau. Ekitaldian ondokoak be izan dira: UPV/EHUren errektore Nekane Balluerka, Arabako diputadu nagusi Ramiro González, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte.

Instalazinoak bisitau ondoren, Nekane Balluerka errektoreak adierazo dau Micaela Portilla Ikergunea aurrerapausu barri bat da, Arabako Campuseko azpiegitura zientifikoak sendotuko dituana. Zientzia Esperimentaletan eta Osasun Zientzietan dabilen Lascaray zentroari gehitu jako orain zentro barri hau, Giza eta Gizarte Zientzien ikerketea jorratuko dituana. Ganera, zentro honek beste funtzino bat beteko dau, aparteko garrantzia izango dauena: euskal emakumeek egindako ikerlanak aldarrikatzea, aspaldi batean ekindakoa, eta Micaela Portilla da horren erakusgarri bikainenetakoa.

Micaela Portilla Ikergunea abian jarrita ikerketearen erreferentzia bilakatuko da Euskal Herrian, arretagune izango dituan eremuetan, gaur egun ez baitago antzeko ezaugarririk batzen dauen zentrorik. Bertan, aukerea izango dabe diziplina zientifiko horreetako bikaintasun ikertaldeek hainbat baliabide eskueran izateko –gune bereziak, laborategiak eta azpiegitura teknikoak eta giza azpiegiturak–, betibe kalidadeko ikerketeari ahalik eta erantzunik onena emon deiotsen.

Eraikin barriak hizkuntzalaritzako laborategi bi ditu (Hizketearen Pertzepzinoko Laborategia eta Hizkuntzalaritza Esperimentaleko Laborategia), baita Arkeologiako beste hiru laborategi bere. Ganera, konpartiduteko eremu batzuk ditu, gehienbat bilera-gelak, mintegietarako eta emoitzak aurkezteko lan-gelak (bakarkako nahiz taldeko lanerako) baita ekitaldi-areto bat be.

Bestalde, ikerguneak barruan hartu ditu bai Chair on Cultural Landscapes and Heritage UNESCO Katedrea bai Arabako Campuseko Master eta Doktorego Eskolearen egoitzea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu