'Euskerea altxor handia' dalako

Bizkaie! 2017-04-10 10:21   Euskerea berbagai

Otxandiotik Iruñera, hizkuntzea, kulturea, mundu BATZUK.

Azken egunotan euskerearen alde milaka kilometro egin dituan aurtengo Korrikako mezuaren egileak, Joseba Sarrionandiak, plazaratu dau, audio baten bidez, Otxandiotik Iruñera eskuz esku lekukoaren barruan heldutako mezua:


Horren ondoren, AEKren Artezkaritza Kontseiluko Xabi Gartziak bota ditu AEKren izenean 20. Korrika amaitu ondorengo lehen berbak:

Zorionak eta eskerrik asko guzti-guztioi! 20. Korrika hementxe dogu, Ondo etorri Iruñera! Odo etorri Nafarroara! Gaurkoa, guretzat, hitzordu historikoa da; izan be, Euskal Herrian, Nafarroan, udalerri gehienetan, Iruñean bertan, izan dan lorpen historikoaren lehen Korrika gaur eta hemen amaitu da. Eta zuokaz lortu dogu! Aldaketea, bai! Hori da! Urte baltzen aroa amaitu da, eta euskerearen aldeko politiketan aldaketa ezagutzen gagoz. Argi dago euskaltzaleok Aldaketea garela. Aldaketea ez da bakarrik zenbaki batzuen batuketea, edota goi-mailako organoetan hartzen diran erabagiak. Aldaketea herritarrok gara; amaitu barri dogun Korrika aldaketearen beste lorpen historiko bat da, eta aurrera goaz, euskaltzaleok aldaketa iraunkorra lortu arte. Mende luze eta gogorretan iraun behar izan dau euskereak, galarazota eta zokoratua, eta azken hamarkadotan, ia atzora arte, bertoko hizkuntzearen normalizazinoaren kontra egin dauen erregimena sufridu behar izan dogu.

Aldaketea aldarrikatzen dogu: euskeraz bizi nahi dogu, normal; personak gara, eta persona bezela bizi nahi dogu. Euskerea, gaztelania, frantsesa, ingelesa, arabiera edota maputxea... ez dira bardinak, desbardinak dira, bai, baina euskaldunok ez dogu menpeko personak izan nahi. Ez dogu nahi munduak Josebak aitatu deusku euskerearen altxorra galdu. Egin daigun, Euskal Herri osoan, jendarte justuagoa. Aukera bikaina dogu, Euskal Herri osoko administrazino nagusiak be akulu hartuta; auzolanean eta alkarlanean, hartu daigun konpromisoa. Zelan ez: izan gaitezen herritarrok be aukera bardintasunaren parte. Danon artean, egin geinke. Lorea Agirreren orain bi urteko berbak hartuta, euskaldunok ez gara menpeko perpausa; beraz, goazen kalea, festa, alkarteak, lantokiak, kuadrillak, lagunarteak, kirol alkarteak eta bizitzako esparru publiko guztiak demokratizatzera: leku horreetan be, personak izan nahi dogu, ez gitxiago. Horixe da, hain zuzen, hor aurrean dogun aldaketearen Parlamentuak eta Euskal Herriko lurralde osoko administrazinoek lortu beharreko lorpen historikoa: euskerea hizkuntza ofiziala izatea, hiztunon eskubideak bigarren mailan jarri eta zonaldeen arabera bereizi barik. Aldaketa-garaia da, eta eskutik dogu, Nafarroan eta Euskal Herri osoan, ALKARLANEAN, euskerea gehiagotan erabiliz batzuek, euskerara hurreratuz eta ikasiz besteak, eta legezko babes egokia eskainiz botere publikoek. Holan bakarrik lortuko dogu herritar guztiok, egunero eta plaza guztietan, bardintasunean bizitzea. Goazen! Zuk bat egin, eta Batzuk gehiago gara; denok euskaltegietara, euskerea erabiltera, ikastera. Biba zuek, izan zaiteze aldaketea. Gora Korrika!

Edozelan be, 20. Korrika-ren balorazinoa gaur, astelehena, apirilak 10 egingo dabe Iruñeko Kondestable Jauregian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu