Bilboko Udalaren eraikin nagusiak 125 urte bete ditu

Bizkaie! 2017-04-10 10:03   Kulturea

Apirilaren 18tik 21era bisiten ziklo berezia antolatuko da ingelesez, euskeraz eta gaztelaniaz.

Bilboko Udalak astelehenean, apirilaren 17an, ospatuko dau gaur egungo udaletxearen 125. urteurrena. Horretarako, monumentuak barrutik eta kanpotik argitzeko LED sistema barria jarriko dau abian. Holan, argiztapena eta eraginkortasun energetikoa hobetu eta argindarraren konsumoa % 90 inguru murriztuko da.

Aldi berean, www.bilbao.eus webguneko Ezagutu Udaletxea atala guztiz barritu eta eguneratu da, eta elementu nabigagarri barrien bidez Joaquín Rucobak diseinautako eraikinaren aberastasun artistikoa eta arkitektonikoa ezagutzeko aukerea dago. Hain zuzen be, Googlen Street View teknologia erabili da bisita birtuala egiteko. Ganera, elementu arkitektonikoak, artistikoak eta apaingarriak azaltzeko testuak egin dira.

Barritasun nagusietako bat inprimaki erraz bat jartea izan da, udaletxean dobako bisita gidatuak egiteko hitzordua eskatzeko. Atala osotzeko, sareko Bilbopedia entziklopediarako sarbidea eta Bilboko Udaletxeko irudi historikoen aukerea erakusten dituan Bilboko Udaletxea argitalpen turistikoaren bersino eguneratua dagoz.


ONCEk hilaren 18an, Bilboko Udaletxearen inaugurazinoaren 125. urteurrenari dedikauko deutso kupoi berezia

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Juan Carlos Andueza ONCEk Euskal Herrian daukan lurralde ordezkariak aurkeztu dabe ONCEk datorren martitzenean, hilaren 18an, Bilboko Udaletxearen inaugurazinoaren 125. urteurrenari dedikauko deutson kupoi berezia. Esangura horretan, Joaquín Rucobak diseinautako eraikin historikoaren fatxada nagusiaren irudia ONCEren eguneroko kupoiaren 5,5 miloe aletan inprimiduko da.


Bisita gidatuen ziklo berezia

Apirilaren 18tik 21era bisiten ziklo berezia antolatuko da ingelesez, euskeraz eta gaztelaniaz, 17:30ean eta 19:00etan, Bilboko Udaleko eraikin nagusiaren aberastasun artistikoa eta arkitektonikoa herritar guztiei eta egun horreetan uria bisitetan dagozan bisitariei hurreratzeko.

Bisita gidatu arruntetan ez bezela, arratsaldez egingo diran bisita gidatuen ziklo berezi honetan interesdunak udaletxeko ate nagusitik sartuko dira eta handik hasiko da ibilbidea barruko areto garrantzitsuenetatik.

Bilboko Udala ikusteko bisita gidatuen ziklo berezi honetan parte hartu nahi dabenek mezu bat bialdu behar dabe reservasabril@gmail.com helbidera edo 666262453 telefonora deitu. Izena emoteko epea hilaren 7an hasi eta apirilaren 21ean amaituko da, 09:30etik 14:30ak arte.


Argi apaingarriak

Argi apaingarriak kendu eta LED sistema barri bat jarri da. Sistema hori eraginkorragoa da eta hobeto errespetetan ditu eraikineko elementu artistikoak eta monumentalak; ganera, elementu horreek eta euren koloreak askoz argiago ikusten dira eta argindarraren konsumoa % 90 inguru murriztuko da.

Argi apaingarriak kentzeko eta barriak jarteko lanek udaletxeko fatxadan eta balkoian izan dabe eragina, bai eta barruko areto nagusietan bere: Arabiar Aretoa, Osoko Bilkuren Aretoa, Alkatearen Bulegoa, Alkatetzako Gelaurrea, Gobernu Batzordearen Aretoa, korridoreak, eskailerak eta sarrera nagusia.

Esangura horretan, fatxadea argitzen eben 30 proiektoreek 24,6 kW kontsumiduten eben eta orain 32 LED proiektore jarri dira. Argi horreek 1,86 kW kontsumiduten dabe eta, beraz, % 90 aurrezten da argindarrean.

Balkoiaren kasuan, zaharrak eta handiak ziran deskarga-proiektoreen bidez argitzen zan gunea; horreek kendu eta horma guztia argitzen daben LED RGB sistema bat instalu da. Eszena programagarriak daukaz eta ekitaldi desbardinetara egokitu daitekez, elementu apaingarri horri protagonismo handiagoa emoteko. Kasu honetan, % 60 aurrezten da argindarrean.

Ganera, udaletxearen kanpoaldeko argiak barritu diranean, Beteluriko Zin-jesarlekua be kontuan hartu da. XVIII. mendeko lan eskultorikoa da eta 2003tik Ernesto Erkoreka plazako erdiko lorategian dago. Argi barriak abian jartean, bere garrantzia azpimarratu nahi da fielek (auzo-alkateek) zin egiteko lekua zalako eta uriko alkateak herritarren eskabideei erantzuteko eskumen-ekitaldiak egiteko erabilten zalako.

Azkenik, eraikinaren barruko geletatik argi tradizionalak kendu dira eta horreen ordez azken belaunaldiko LED teknologiako lanparak jarri ditue. Horreen zuzeneko eta zeharkako argiek elementu artistikorik garrantzitsuenak nabarmentzen dira, argitasunean, kalidade luminikoan eta kromatikoan irabaziz.

Udaletxeko eraikin nagusiko barruko argiak barritzean irabazi diran aurrerapen energetikoak % 60tik % 80 eta % 90era doaz. % 60 aurreztea lortu da Osoko Bilkuren Aretoan, Gobernu Batzordearen Aretoan, Alkatetzako Gelaurrean, beheko solairuan, sarreran eta eskaileretan. Gehiago aurreztu da (% 80 - % 90) sarrera nagusian, Arabiar Aretoan eta Alkatearen Bulegoan.


Osogai klasikoak eta barrokoak

Bilboko Udalaren eraikin nagusia garai haretan udal arkitektoa zan Joaquín Rucobak diseinau eban eta 1892ko apirilaren 17an inaugurau zan, Gregorio de la Revilla alkate zalarik.

Bilboko La República eta El Noticiero egunkarietako kroniketan jasoten da ospakizuna hamar eta erdietan hasi zan San Anton eleizako alboko eraikin zaharrean. Bertan batu zan Udalbatza azken aldiz, hotsandiko segizinoan Zingira kalean eregitako udaletxe barriraino joan aurretik.

Bilboko Udaletxeko eraikin nagusia 1883 eta 1892 urteen bitartean egin eben, San Agustin komentua egoan orubean. Danetara, garai haretako 1,4 miloe pezeta inbertidu ziran.

Eraikinak diseinu eklektikoa dauka eta Frantziako III. Errepublikako arkitektura publikoan inspirau zan, elementu klasikoak eta barrokoak buztartuz. Ardatz nagusi bat dauka eta bertan dagoz balkoi nagusia eta hiru arku zortzi zutabegaz. Kanpantorre bat dauka.

Arkupeetako goiko mailan Bilboko historiako personaien bustoak dagoz: Diego López Harokoa fundatzailea, Antonio Javier Gardoqui kardinala, Juan Martínez de Recalde almirantea, Tristán de Leguizamón kapitaina eta Nicolás de Arriquibar ekonomistea.

Eguerdiro, kanpantorreko karilloiak beste bilbotar handi bat gogorarazoten dau, Juan Crisóstomo Arriaga musikaria, Orkestra handirako Sinfonia Ren laneko minuetaren zati bategaz.

Barruko aldean nabarmentzekoak dira Harrera Aretoa (edo Arabiar Aretoa), Osoko Bilkuren Aretoa, atari zabala eta eskailerak. Orain urte bi Alkateen Aretoa inaugurau ebenetik, elementu artistiko eta ondareko elementu barriak jarri ditue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu