Artium-ek 'Liliana Porter. Elkarrizketak eta desobeditzeak' aurkeztu dau
2017-04-07 10:04 KultureaArtistearen Europako lehenengo atzerabegirakoak bilduma publiko nahiz pribatutatik datozen 1969 eta 2016 urteen arteko ehun bat pieza batzen ditu.
Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Liliana Porter. Elkarrizketak eta desobeditzeak aurkeztu dau, hau da, argentinar artistearen Europako lehen atzerabegirakoa; egungo artegintzako sortzaile buruargi eta originaletako bat da, nazinoarteko museo handietan badituana lanak eta oraingo Veneziako Biurtekora konbidaua izan dana. Estrella de Diego komisarioak diseinau dauen erakusketa honek, ia ehun bat obra batu ditu, Liliana Porter-ek bere eskala jokoakaz, ezusteko buztarketakaz eta mundua ikusteko dauen sen ironikoagaz, 60. urteen amaiera aldetik hona eregi dauen uniberso sortzailea erakusten dau. Liliana Porter. Elkarrizketa eta desobeditzeak Artium-en (Gasteiz) eta CGAC-en (Santiago de Compostela) produkzinoa da, honako honeen babespean: El Correo, Euskaltel, EDP Energia eta Fundación Vital.
Sorkuntza espektro oso-oso zabalaren bidez, besteak beste, honako diziplina honeek landuz: margolaritzea eta marrazkigintzea, bideogintzea, muntaketea, argazkigintzea eta antzerkia- Liliana Porter-ek mundu berezi eta harrigarria deskribiduten dau, umore fin-fina, ironia adimenduna eta sotiltasun bere-berea erakusten dauena dino erakusketearen komisarioak, Estrella de Diego arte garaikideko katedradunak.
Bere-berea dauen uniberso hori, ezusteko istorio eta gauzetaz hain beterik dan uniberso hori, agertzen jaku Liliana Porter-en Artium-eko erakusketan (Ipar Aretoan, 2017ko apirilaren 8tik abuztuaren 27 bitartean). Erakusketea hiru zatitan banatuta dago, artistearen obrearen funtsezko gaietako batzuen erakusle.
Lehen zatian, hau da, Urratuak eta zereginak izenekoan, paper zimurtuen lehen muntaketakaz hasi eta jarraitzen dau, gero, Trabajos forzados dalakoagaz edo hausturak eta konponketakaz. Bigarrenak, Ibilbidea eta lerroa izenekoak, lerroek lekualdaketen lurralde legez hartuak eta espazioak eta errealidadeak gainditzen dituen forma legez hartuak sortzen deutsien lilurea azaltzen dau. Azkenik, Bihurketak eta dobleak izenekoan, personaiak berbetan agiri dira eta bikoizten, alkarri erantzuten.
Liliana Porter (Argentina, 1941) New York-en bizi da, 1964tik eta bere lana era askotako esparru anitzekoa da, obra grafiko, marrazki eta margolaritzatik hasi eta bideo, argazkigintza, muntaketa eta antzerkiraino zabaltzen baita. Bakarkako eta taldekako mundu osoko erakusketatan erakutsi ditu bere lanak eta, gaur egun, mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetan ikusi daiteke, besteak beste, Londoneko TATE Modern ospetsuan, New York-eko MoMA, Withney eta Metropolitan museoetan, Buenos Aires-eko Museo Nacional de Bellas Artes museoan, Whashington-eko Smithsonian museoan, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía museoan eta Zurich-eko Daros bilduman.
Artium Museo arabarrak 15 urte
Bien bitartean, Artium Museoa 15. urteurrena ospatzen dago egunotan. Pasa dan apirilaren 1eko César San Millán-ek egindako Museoaren adiskideen argazkien instalazinoa edegi eta Luma eta Roto taldeen kontzertuaren ondoren dator Liliana Porter-en erakusketea, gaur, apirilak 7, ateak zabalduko dituana; 18:30ean, Museoaren Adiskideen bisitea hasiko da; 19:00etan, berbaldia iragarri dabe: Liliana Porter eta Estrella de Diego; eta 20:00etan, barriz, Erakusketearen inaugurazinoa.
Datozen egunetarako ekitaldiak:
- Apirilaren 12an, Juan Pérez Agirregoikoaren erakusketaren inaugurazinoa. Erakusketa hau artista donostiarrak inoiz egin dauen handiena da.
- Apirilaren 13tik 17ra: Aste Santua Artiumen. Familientzako gunea eta Marrazki hedatua lantegia, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era. Bai lantegia eta bai «txokoa»-ren erabilerea dobakoak dira, egun horretan Museora sartzeko txartela daben bisitarientzat. Gogoan izan: 14 urtez azpikoak doban sartu daitekez Museora.
Dobako bisita gidatuak be izango dira, 12:30ean eta 18:30ean.
- Apirilaren 20an eta 21ean, Liburuen Nazinoarteko Eguna Artiumen.
Eguena, 19:30ean: Irakurle kluba Concha Rubioren eskutik, John Berger, Lila y Flag.
Barikua, 11:45ean: Liburua, kulturearen lekuko erakusketearen inaugurazinoa.
Barikua, 12:00etatik 19:00etara: arte eta kultura garaikideei buruzko jentaurreko irakurraldiak eta Joseba Irazoki musikariaren abestiak.
- Apirilaren 18tik 21era: Bookcrossing edo liburuak askatzea.
- Apirilaren 26an, Artea eta (artearen) Sistema Artium Bilduman erakusketearen inaugurazinoa. Komisarioak: Daniel Castillejo, Javier Iriarte eta Enrique Martínez Goikoetxea.
Bildumako artelan nagusiak erakusteaz ganera, artelan horreek ikusgai jarteko egin behar izaten diran prozesuak, parte hartzen daben eragileak eta eragiten daben era guztietako baldintzak bere agirian jarriko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!