Agustin Sanchez Lavega astrofisikariak irabazi dau 2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria
2017-04-07 09:03 KultureaSanchez Lavega irakaslea aitzindaria izan da Euskadiko espazio-zientzien arloan astronomia eta astrofisikea txertatzen.
2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria Agustin Sanchez Lavega astrofisikari eta Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatuko Katedradun Agustin Sanchez Lavegak jaso dau, epaimahaiaren erabagiz. Zientzia eta Teknologiaren arloan entzute handiko bost ikerlarik osotutako epaimahaiak Sanchez Lavega astrofisikariaren aldeko ebazpena jakinarazo dau, 21. edizino honetan aurkeztutako 13 hautagaien artean aukeratzeko goiza Bilbon alkartuta emon ondoren.
Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea dau helburu nagusi, bai eta honako beste honeek be: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituen ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betibe horreen lanak oso eragin positiboa badauka Euskadin. Hezkuntza Sailak urtero deitzen dau Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan, GizarteZientzien eta Humanidadeen modalidadean egiten da deialdia; urte bikoitietan, ostera, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana autortzen dau sariak.
Agustin Sanchez Lavega (Bilbo, 1954) Zientzia Fisikoan lizentziatua da (1978an), eta Euskal Herriko Unibersidadean doktore 1986an. Ibilbide profesionala 1980an hasi eban Alemaniako Max Plank Institut für Astronomie institutuan (Heidelberg, Alemania), CAHA hispaniar-alemaniar Astronomia Zentroan, Almeriako Calar Alto behatokian. UPV/EHUren Injinerutza Goi Eskola Teknikora 1987an itzuli zan, eta bertako katedraduna da 1994tik.
Sanchez Lavega irakaslea aitzindaria izan da Euskadiko espazio-zientzien arloan astronomia eta astrofisikea txertatzen: gure erkidegoan, GCP – Planeta Zientzien Taldeagaz gauzatutako ikertzaile-eskolea sortu eban, eta 2009an Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan Espazio Gela eta Behatoki Astronomikoa sortu zituan.
Sanchez Lavegaren ikerketak eremu esperimentala legez –hainbat muetatako teleskopio eta plataforma espazialakaz egindako behaketen bidez- arlo teorikoa be hartzen dau: Jupiter, Saturno eta honen satelite Titan-en atmosferetako ekatx-ereduen garapena eginez; Venus, Jupiter eta Saturnoko zirkulazinoen eta haizeen inguruko ereduen bidez; eta planeta erraldoietako antizikloi eta zikloi erraldoien izakereari buruzkoak garatuz.
Oinarrizko zientzian egin dauen ikerketaz gan, Sanchez Lavega irakasleak astronomia instrumentazinoaren garapen teknologikoan be badabil, UPV/EHUren PlanetCam proiektuan. Teknologia espazialaren eremuan, Europako Espazio Agentziaren zenbait proiektutan parte hartu dau, besteak beste, Venus Express misinoaren VIRTIS proiektuan, eta JUICE misino espazialaren MAGIS proiektuan. Ganera, oraintsu, Martitz planetarako NASAren Mars 2020 misinoan MEDA instrumentuaren ikertzailekide eta koordinatzaile zientifiko izentau dabe.
Era berean, Sanchez Lavega irakasleak lan intelektual handia be egin dau, astronomia eta espazio-zientzietako ezagutzearen zabalkundeagazko konpromisoa hartuta. Zabalkunde eta saiakera liburuak be idatzi ditu: Planetas Exteriores (1987), Origen y Evolución: desde el Big Bang a las sociedades complejas (1999), Misterios a la luz de la Ciencia (2008).
Epaimahaiak aintzat hartu dau Sanchez Lavega irakasleak ikerketan eta irakaskuntzan izandako ibilbidea, eta Zientzia Planetarioen alorrean nazinoarteko eredu bihurtu dan ikerketa-taldea sortu eta zuzendu izana. Horrezaz gan, nabarmendu nahi dau haren ikerketa-lana maila eta ikusgarritasun handiko argitalpen ugaritan islatu dala, eta nazino-mailako eta nazinoarteko hainbat proiektutan parte hartu dauela, ikertzaile nagusi lez. Sarituak oso ekarpen garrantzitsua egin deutso atmosfera planetarioen azterketeari, baita horreek ikertzeko metodologia barritzaileen garapenari be.
Era berean, zientziaren dibulgazinoan eta zientzialari gazteen prestakuntzan urte luzez egindako lan oparoa goraipatu dau epaimahaiak.
2016ko Euskadi Ikerkuntza Sariaren epaimahaia Zientzia eta Teknologia arloan ospe handiko bost kidek osotu dabe: Manuel Tuñon de Lara, mediku pneumologoa eta Bordeleko Unibersidadeko Errektorea; Maria Jesus Esteban Galarza, matematikaria, Frantziako CNRS-ko ikertzailea (Centre National de la Recherche Scientifique) eta EMSko (European Mathematical Society) Matematika Aplikatuaren Batzordeko presidentea; Luis Antonio Oro Giral, Kimika Inorganikoan Katedraduna Zaragozako Unibersidadean; Mª Teresa Miras Portugal, Biokimikea eta Biologia Molekularrean Katedraduna, Madrilgo Complutense Unibersidadean; eta Javier Tejada Palacios, Oinarrizko Fisikako Departamentuan Katedradun, Bartzelonako Unibersidadean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!