Urtzi Ibarguenek aurrerapen teknologikoen inguruko erakusketea aurkeztu dau Bilbao Arten

Bizkaie! 2017-04-07 08:30   Kulturea

Bilbao Arte Fundazinoaren bekea dauka Ibarguen. Maiatzaren 3ra arte ikusi ahal izango da Vestigios de una cultura contemporánea.

Urtzi Ibarguen, Bilbao Arten | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Artek, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroak, Urtzi Ibarguen artisteari edegi deutsaz ateak oraingo honetan. Ibarguen bekaduna izan zan 2016an eta, horri esker, bere erakusketa barria Urazurrutia kaleko Bilbao Arteren egoitzan ipini dau. Bilbao Arte zentroan egonaldiak egin dituen sortzaileen erakusketak egoten dira han urte osoan eta Ibarguenen txandea apirilean izango da. Zehatz esanda, apirilaren 6tik maiatzaren 3ra ikusi ahal izango da Vestigios de una cultura contemporánea izeneko erakusketea. 

Teknologiaren eraginean sakondu eta teknologiak gizartean sortutako aldaketea azaldu nahi dauen iruzur antropologiko edo arkeologiko baten modura aurkeztu dau Ibarguenek erakusketea. Barria zaharra da eta atzokoa historia da leloa aretoan sakabanatzen diran pieza guztien oinarrian dago.

Urtzi Ibarguen Arte Ederretan lizentziadua da, EHUn, eta Arte eta Baliabide Barrietako Komisariotzako Masterra dauka. Azken urteotan material eta prozesu teknologikoak eta tradizionalak buztartzen lan egin dau.

Erakusketan, alde batetik, hiru dimensinoko egiturak espazioan agertzen dira, tracking programak erabilita. Programa horreek interneteko bilaketen profil geometrikoak sortzen ditue eta azalera bidimensional edo tridimensionaletan jasoten dira. Bestetik, teknikearen aldetik, laneko metodo digitalak (softwarea eta 3D inprimagailuak, ebagitzaile laserra edo fresatzailea) eta material tradizionalak (egurra, artilea, porlana eta brontzea) buztartzen ditu artisteak.

Urtzi Ibarguenek hainbat lekutan egin ditu erakusketak, adibidez Amarika Aretoan, Koldo Mitexelena Kulturgunean edo Can Xalanten. Hainbat beka be lortu ditu. Orain, BilbaoArtera bueltau da, 2016an bekadun izan zan eta, Vestigios de una cultura contemporánea erakusketearen bidez orainaldia eta iragana aldi berean existitu daitezkeela erakusteko. 17:30etik 20:30etara dago zabalik erakusketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu