Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak hitzarmena barritu dabe

Bizkaie! 2017-04-06 08:27   Euskerea berbagai

2017rako akordioari esker, Euskaltzaindiak Gasteizko toponimia aztertzen segiduko dau. Gasteizko Udalak diruz lagunduko dau Akademia, urian hainbat jarduera antolatzeko.

Gorka Urtaran eta Andres Urrutia (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak sinatu dabe erakunde bien arteko 2017ko lankidetza hitzarmena. Agiri honek erakusten dau Gasteizko Udalagaz aspalditik dogun hartu-emona eta alkarregaz egin izan dogun lana, adierazo dau Urrutiak. Bestetik, Urtaranek esan dau euskerea garrantzitsua izan behar dala urian eta udal gobernua konprometiduta dagoala helburu horregaz.

Alderdi bi jasoten ditu hitzarmenak: Gasteizen euskereagaz lotutako jarduerak antolatzea eta udalerriko toponimia aztertzea. Lehenengoari jagokonez, Akademiak konpromisoa hartu dau, kultura zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta berbaldiak emoteko. Ganera, udal erakundeei aholkua emongo deutse hizkuntzearen alorrean.

Toponimiari jagokonez, urteotan udalerriko leku-izenak batzen, aztertzen, berreskuratzen eta zabaltzen egindako lanari segidea emotea da asmoa. Gasteizko Toponimia proiektua 1996an abiatu zan eta, orain arte, dozena erdi liburuki argitaratu dira, Onomasticon Vasconiae bilduman. Henrike Knorr zanak sortu eban egitasmoa eta, gaur egun, Patxi Salaberrik eta Elena Martinez de Madinak zuzentzen dabe.

Andres Urrutiaren ustez, toponimia giltzarria da euskerearen historia hobeto ezagutzeko. Ganera, euskaltzainburuak aurreratu dau jardunaldiak antolatuko dirala Arabako uriburuan. Besteak beste, euskereak Araban dauen egoerea aztertuko da.

Gorka Urtaranek dinoanez, euskerea lehentasunezkoa da gobernu honentzat. Hori dala eta, 63.000 euro emongo deutsoz Euskaltzaindiari, aitatutako zereginak beteteko. Trukean, Euskaltzaindiak aurten bertan prest izango dau toponimiaren inguruko Arratzua II liburukia.

Horretarako, urtean zehar beste hainbat lan be egingo ditu: Argandoña, Andollu eta Billafranka inguruetako deskribapenak eta inkestak; Bolibar, Uribarri Nagusia eta Askartzaren azken idazketea eta mapen prestaketak; Aberasturi, Argandoña, Andollu eta Billafrankaren inguruko azken idazketea eta ortofotoen prestaketea; Gamiz eta Arkaia herrietako mapak lantzea; Arkauti, Elorriaga, Betoñu, Otazu, Gamiz eta Arkaiako toponimoak jasotea; Arratzuko datu-basea sortzea eta Arratzuari jagokon liburukia CDan argitaratzea; eta beste zuzenketa, bibliografia, laburdura, zerrenda eta maketazino lan batzuk. Arratzua II argitalpenaz gan, Arratzua IIIan jasoko diran zazpi herrietako datu-basea sortzeari ekingo deutso. Zazpi herri horreek Zerio, Ilarratza, Jungitu, Lubiano, Matauku, Oreitia eta Uribarri Arratzua dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu