Loraldia Eskola proiektua, euskal kulturearen transmisinorako tresnea, aurkeztu dabe

Bizkaie! 2017-04-05 13:48   Kulturea

Loraldia festibalak bultzatutako egitasmo honen lehenengo edizinoan Bilboko ikastetxe bik parte hartu dabe. Ganera, gida pedagogikoa sortu dabe.

Proiektuaren bultzatzaileak, Bilbon egindako aurkezpenean (argazkia: Loraldia festibala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Umeak euskal kulturara hurreratzeko asmoa dauen proposamen jantzia da Loraldia Eskola. Egitasmo barritzaile hori irailean abiatu zan, ikasturteagaz batera, Bilboko San Adrian auzoko Urretxindorra ikastoleagaz eta Deustuko Ikastola eskola publikoagaz alkarlanean: Loraldia
Alkarteak unidade didaktikoa sortu eta, tresna hori erabilita, sormen-prozesu bat garatzea
proponidu eutsien ikastetxeei.

Horretarako, gida didaktikoa kaleratu dau Loraldiak. Bertan, besteak beste, edukiak, prozedurak, metodologia eta baliabideak dagoz. Proiektua eskolako kurrikulumean sartuta dagoan ezkero, 22 astean hainbat disziplina artistiko landu ditue ikastetxe bietan (literaturea, bertsolaritzea, musikea...). Loraldia Eskolaren emoitzearen barri emoteko, agerraldia egin dabe festibaleko arduradunek goizean.

LH5eko eta LH6ko ikasleek parte hartu dabe proiektuan, 10 eta 11 urteko 106 neska-mutilek, hain zuzen. Kultura adierazpen ugari landu ditue eta oinarria Zuberoako Pastorala izan bada be, XXI. mendeko ikuskizun modernoakaz buztartu dabe.

Deustuko Ikastolako ikasleek euskal mitologiari buruzko pastorala preparau dabe: Mar eta
Maddi. Urretxindorra Ikastolakoen antzezlanak Eneko Aritza Nafarroako lehenengo erregea dau ardatz. Ikuskizun biak gaur antzeztuko ditue, Bilboko Campos Antzokian, 19:00etan, Loraldia Festibalaren programazinoaren barruan.

Loraldia Kultur Alkarteak sortu dau gida pedagogikoa eta bideratu ditu eskolako saioak,
ikastetxe bakotxeko irakasleei laguntzinoa emonaz. Hezkuntzearen arloan euskerazko
aberastasun kultural garaikidea ezagutarazo nahi dau Loraldia Eskolak, gaurko kulturea eta
hezkuntzea buztartzen dituen esperientzien bidez. Helburua da, gaztetxuen artean sorkuntzarako  zaletasuna biztutea.

Gida pedagogikoa hiru hileko lan gogorraren emoitzea da: idea orokorretik abiatuta, saiorik saio berezko eduki eta jarduerak sortzen joan dira, urritik apirilera bitartean, astean behin (ordubeteko 22 saio, beraz). Besteak beste, hizkuntzea, genero-ikuspegia, kultur aniztasuna, alkartasuna, askatasuna eta errespetua jorratu ditue, eta, apurka-apurka, lantaldean zein banaka, antzeztuz, margotuz eta eztabaidatuz ikasteko eta sortzeko jarduerak antolatu ditue.

Loraldia Eskola proiektuaren garapenak Azkue Fundazinoaren laguntzinoa, eta Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan ditu Loraldiak. Datorren ikasturtean ekimena barriro egiteko asmoa dauela dino festibaleko arduradunek.

Ikasleen entseguak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu