Korrika Bizkaian sartu da
2017-04-05 10:28 Euskerea berbagaiGipuzkoa atzean itxi eta Ondarroatik sartu da 20. Korrika Bizkaian. Eguaztenean, eguenean eta barikuan zeharkatuko ditu Bizkaiko errepide eta kaleak.
Hiru eguneko ostera luzea egingo dau euskerearen aldeko lasterketeak Bizkaian, Iruñerako bidean. Otxandion hasi zan eta, beraz, lehenengo egunean be herrialdean egon zan Korrika, baina herri gehienak orain zeharkatuko ditu.
Eguazten goizaldean Deba ibarra pasau eta, kostaldetik, Mutrikuraino heldu dira euskerearen aldeko korrikalariak. Handik Ondarroara joan dira. Hiru egunez Korrikak egingo dauen Bizkaiko ibilbide luzean, lehenengo eskualdea Lea-Artibai izan da, beraz. Herriko hainbat taldek hartu dabe lekukoa eta, hunkigarriena, Marabilli taldekoen txandea izan da. Aitzol Aramaio zanaren amak hartu dau lekukoa, zinemagilearen lagunek inguratuta (besteak beste, Kirmen Uribe idazleak).
Lea-Artibaiko herriak atzean itxi ostean, bazkalostean heldu da Korrika Busturialdera. Gernikan, Bizkaiko Batzar Nagusien kilometroan, Gernikako Arbolea inguratuko dau Korrikak. Iluntzean, Bakion, omenaldia egingo deutsie Txetxu Ugalde kazetari hil barriari, Korrikan beti parte hartzen ebalako. Uribe Butroen eta Uribe Kostan ibiliko da lekukoa, gauerdira arte.
Eguenean Bizkaiko eskualderik jentetsuenen txandea izango da, tartean Bilborena. Erandiotik Barakaldora, paddle surfean zeharkatuko dau lekukoak itsasadarra, goizaldeko 04:56an. Goizean eta eguerdian Ezkerraldea eta Enkarterri bisitau eta Bilbon sartuko da, 16:52an. Gaueko 21:22ak arte ibiliko da auzorik auzo Bizkaiko uriburuan. Barikuan, Arratia, Arabako Gorbeialdea, Aiaraldea eta, barriro Bizkaian, Nerbioi ibarra bisitauko ditu Korrikak. Ondoren, Ibaizabali segika, Durangaldera joko dau, Ermua eta Eibar artean Bizkaia behin betiko atzean itxi aurretik.
Korrikaren ibilbidea, hemen.
Erakunde publikoak alkarregaz
Atzo, martitzena, egun berezia izan zan Korrikaren ibilbidean. Euskerearen aldeko konpromisoan alkarregaz aurrera egiteko gogoa modu sinboliko baten agertu eben euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariek. Irun eta Hendaia arteko zubian instituzinoen kilometroa egin zan. Leku hori, mugea barik, alkarlanerako zubia izatea aldarrikatu eben.
Bertan izan zan, beste erakunde eta alkarte askotako ordezkariakaz batera, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua. Oso egoera soziolinguistiko desbardinak ezagutzen ditu Korrikak 11 eguneko bidean, adierazo eban Zupiriak. Horregaitik, Korrikaren beharra azpimarratu eban: Arnasea eta jaia da ekimen hau, euskerearentzat errazagoa dan etorkizun bat pentsetera garoaz.
Euskal Herri guztiko erakunde publikoetako ordezkariek alkarri eskua emonda egin eben 1198. kilometroa, Hendaia eta Irun artean. Liskar politikoa albo batera itxi eta euskereak batu egiten gaituela ulertu behar dogu, esan eban Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. Danok txalupa berean gagozala gogoratu eban Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendariak.
Santiago zubikoaz gan, une hunkigarri gehiago egon ziran atzo. Goizaldean, Juan Gorriti artistearen etxe aurretik pasau zan Korrika, Nafarroako Arribe herrian. Gorritik egindakoa da Korrikaren lekukoa. Olerki batzuk irakurrita erantzun eutsan Gorritik Korrikaren omenaldiari.
Arratsaldean, Donostian, jentetzea batu zan, baita Gipuzkoako herri handi guztietan be. Elgoibarren Hasier Etxeberria gogoan izan dabe gaur goizaldean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!