Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro gaur Bidebarrietan, Eztabaidak Literatureagaz zikloan

Bizkaie! 2017-04-04 12:39   Kulturea

Arantxa Urretabizkaia moderatzaile dala, euskerazko literatura aldizkarien ganean berba egingo dabe Etxezaharretak eta Garrok.

Luzien Etxezaharreta (argazkia: EKE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jente aurreko solasaldi honetan, hiru euskal idazle batuko ditu Bilboko Udalak, Eztabaidak Literatureagaz zikloko gaurko saioan. Batetik, moderatzailea, Arantxa Urretabizkaia da, euskal literatura garaikidearen erreferentzietako bat eta autore arrakastatsuenetako bat. Idazle, pentsalari eta eragile diran konbidau bi izango ditu alboan: Luzien Etxezaharreta lapurtarra eta Lander Garro gipuzkoarra.

Euskal literaturan zeresana daukien hainbat figura aztertuko ditue solasaldian eta aldizkari literarioen ganean berba egingo dabe. Euskerazko argitalpen nagusiak zeintzuk diran, ze ezaugarri dituen eta literaturea bultzateko ze balio daukien jorratuko dabe.

Gogoan izan behar da, Luzien Etxezaharreta Maiatz aldizkariko arduradunetako bat dala, besteak beste. Horrezaz gan, poesia eta nobelak idatzi izan ditu. Irakaslea eta kazetaria be izan da. Lander Garro, ostera, Euskal Idazleen Alkarteko Hegats aldizkariaren arduraduna da eta hainbat lan literario be idatzi ditu, argazkilari izateaz gan.

Gaur, apirilak 4, izango da Eztabaidak Literatureagaz zikloko saio hau, arratsaldeko 19:30etan. Ohiko moduan, Bilboko Bidebarrieta liburutegian egingo da eta sartzea doban da. Bertara joan ezin dauenak, internet bidez ikusteko eta entzuteko aukerea izango dau, streaming bidez, Bidebarrieta Kulturgunearen webgunean.

2007ko urtarrilean Eztabaidak Literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literatureagaz lotutako 300 autore inguruk parte hartu dabe, eta 10.000 entzule baino gehiago joan dira Bidebarrietara. Helburua da, publikoari literaturara hurreratzeko eremua eskaintzea, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste diziplinak buztartuz: arkitekturea, musikea, bidaiak eta matematikak, besteak beste. Literaturearen alderdi guztietan sakontzea be bada beste asmoetako bat, esaterako gaur aldizkariei begiratua emonaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu