Josune Ariztondo: 'Arte sagraduaren lehenengo oinarria herri kulturea da'

Dabi Piedra 2017-04-03 08:50   Barriketan

Bilbo Arte Sagradua (BAS) jaialdia antolatu dau Bilbao 700 Fundazinoak, apirilaren 3tik 8ra. Bilboko Atxuri auzoaren bihotza hartuko dau eleiz arteak egun horreetan: Gizakundearen eleizea eta Bizkaiko Eleiz Museoa. Arte sagraduagaz lotutako ondarea erakutsi eta gaurkotzeko hitzordua da BAS.

Aurten bost ikuskizun egongo dira (egitaraua, hemen) eta emonaldi bakotxerako sarrerak bost euroan dagoz salgai. Eskainiko diran lanen artean, Bilbao 700ek berak produzidutako Maitasunez eta argiz dago, Gizakundearen komentuko sortzaile Maria de Madariaga ardatz dauen antzezlana. Apirilaren 5ean eta 7an izango da, pase bitan (20:00 eta 21:00). Ganerako egunetako emonaldiak 20:00etan hasiko dira. Josune Ariztondo Bilbao 700eko zuzendariak BASen 13. edizino honetako detaile guztiak kontau deuskuz.


1.- Atxuri auzoa arte sagraduaren erdigune izango da hurrengo egunotan. Zer da, zehatz esanda, arte sakratua?


Nik esango neuke arte sagraduaren lehenengo oinarria herri kulturea dala. Eleizetan entzuten diran kantak, zortzikoak eta halakoak izaten dira. Esan nahi dot, horrek guztiak herri kulturan edo folklorean daukala oinarri nagusietako bat. Baina zergaitik esaten deutsagun sagradua? Arte herrikoia, hau da, musikea, bertsogintzea eta abar ahozko tradizinozkoak dira, batez be antxina. Eta hori idatzi egiten danean, pentagramara pasauta, transmisinorako modua emoten deusku, baina sasoi baten, horretarako aukerak ez ziran izango ohikoak. Orduan, non egiten zan hori? Ba eleizetan eta baseleizetan. Hortik dator arte sagradua deitzearena. Edukien oinarria herri kulturan dago eta, formatua, ostera, eleizeagaz lotuta dago. Komentu, eleiza eta halakoetan erakutsi izan dira antzezlanak, arte plastikoak, musikea...


2.- BASek 13. edizinoa dau aurten, Bilboko eskaintza kulturalaren barruan finkatuta dago.

Bai, bai. Beti egin izan da Aste Santuaren aurreko astean, aurten be bai. Baten batek pentsetan badau jaialdi honetan musikea baino ez dagoala, oker dabil. Musikeagaz batera, beste modu bateko kultura adierazpenak daukaguz eta ganera egitarau parte-hartzailea izaten da. Gune bitan egiten doguz emonaldiak, biak Gizakundearen plazan: Bata da eleizea eta bestea Eleiz Museoa. Sasoi baten komentua izan zan museoaren eraikina, eta hango klaustroan izango da emonaldietako bat. Bilbotar batek, Maria de Madariagak, sortu eban komentu hori.


3.- Eleizea, komentua... Bilboren historian pisua dauka Atxuri auzoak, ezta?

Bilboko historiaren zimentarri nagusietako bat da Atxuri, batez be Gizakundearen plazearen inguru hori. Bilboko uribildua izango zanak hor euki eban hasikeretako bat. Bestetik, askoz geroago, Bizkaiko jente askorentzat, ni neu tartean, Bilbora heltzean zapaltzen genduan plazea izaten zan. Trenik ez egoan herrietatik (Lekeitio, Ondarroa...), autobusean heltzen ginan eta hantxe geratzen ziran. Orduko zaharrak gogoratzen dodaz, autobusaren zain egozan bitartean Gizakundearen eleizan sartu-urten bat egiten. Oso giro euskaldunekoa izan da, oraintsu be bai, 1950, 60, 70eko urteez berbetan nabil.


4.- Bilbo Arte Sakratua zikloaren helburua zein da?

Batetik, iragana gaurkotzea. Bilbotarrak horretan badira esker onekoak. Jenteak arin ulertzen dau iragana gaurkotzearen garrantzia. Bestetik, herritarrei sarbidea emotea antxinako arteetara. Memoria historikoa da hori be bai. Badagoz memoria kolektiboak, politikoak... negar egiteko modukoak diranak. Baina badago, sarritan gogoratzen ez dogun arren, kulturearen memoria. Memoria horrek baditu adar asko eta bat hauxe da, arte sagraduaren memoria. Euskal Herrian badoguz abestiak, antzezlanak... oraindino gordetzen diranak. Pastorala hor dago, esaterako, gaur egunera arte gorde dan tradizinoa, bertsoak be heldu dira gaur arte. Jentearen parte-hartzedun memoria kulturala berreskuratu nahi dogu eta hau horretarako jaialdi aproposa da.


5.- Gazte askok euren burua eleizatik urrun ikusten dabe eta eleizeagaz lotutako ondare artistikoa be ez dabe ezagutzen. BASera, ostera, gaur-gaurko ikuskizunak ekarriko dozuez.

Ganera, esango deutsut interprete gehienak oso gazteak dirala. Antzezleak, musikariak... oso jente gaztea da, eta danak dagoz kultura berreskuratzeko lan horretan oso sartuta. La Ritirata taldean, esaterako, zuzendaria Josetxu Obregón da, biolontxeloa joten dau, eta gizon gaztea da. La Ritiratak lehenengo egunean joko dau, baina hurrengo egunetako gehienak be gazteak dira. Harritu egiten naz, zenbat jente gazte dabilen ikusita, jente prestatua dira. Europako memoria artistiko eta kulturala jasoten lan handia egiten dabe.


6.- La Ritirataren emonaldia aitatu dozu, hori apirilaren 3an izango da, lehenengo egunean. Zer gehiago egongo da aurtengo edizinoan?

Ba, bigarren egunean, martitzenean, Nao d'Amores taldea dator, Ana Zamora da zuzendaria, hau be oso gaztea. Talde hau Erdi Aroko antzezlan errezitatuak jasoten ibilten da. Badauka ikuskizun bat, oso ederra, Gaskoien Kristoaren Misterioa, Bilbon ikusiko dogu hori. Ikaragarrizko oholezko Kristo artikuladu handi bat daukie ikuskizun horretarako, antzezlan zoragarria da.

Eguenean, Nordic Voices dator, sei gazte norvegiarrek osotutako korua. Soprano bi, mezzoa, tenorea, baxua eta baritonoa dira. Hori be zoragarria da, a capella abesten dabe. Zapatuan, amaitzeko, Lidia Pujol katalanak eta Jabier Muguruzak Iter Luminis, hau da, Argiaren Bidea, izeneko espektakulu interaktiboa ekarriko deuskue. Latinez, gaztelaniaz, katalanez eta euskeraz izango da eta jente artean mobitzen ibiliko dira artistak.


7.- Horrezaz gan, apirilaren 5ean eta 7an, Maitasunez eta argiz aurkeztuko dozue, Bilbao 700ek berak produzidutako lana. Zelakoa da?

Hori gure produzkinoa da, bai. Eleiz Museoan egingo dogu, lehen komentua izan zalako. Eguraldia lagun badogu, klaustroan izango da ikuskizuna, bestela barruan egingo dogu. Atxurin egon zan komentu haretan bertan gertatutako eszenak kontetan dira. Emakume bat dago istorio honen atzean, oso emakume sendoa, Maria de Madariaga bilbotarra. Pertsonaia historikoa da, aspaldikoa. Badagoz dokumentuak adierazoten dabenak ze bizitza gogorra euki eban, komentua sortzeko bere gurasoen baimena lortu eban arte, ze bere amesa hori zan, komentu bat sortzea. Orduko eszenak gaurkotuta eskainiko dira, formatu parte-hartzaile baten. 55 minutu ingurukoa da.

Horren guztiaren dramaturgia Maria Goiricelayak egin dau, bera da zuzendaria. Hau be bilbotar gazte bat da eta hainbat antzerki taldetan ibilita dago. Kirikiño abesbatzeak be parte hartuko dau emonaldian, zati batzuk abestuak diralako.


8.- Zuen produkzinoa dan ezkero, Maitasunez eta argiz leku gehiagotan antzezteko asmorik badozue, BASen aurkeztu eta gero?

Hori ikusi egin beharko dogu. Batez be, hori balorau beharko dogu sortzaileakaz eta gugaz batera lanean ibili diranakaz. Ia jenteak ze harrera egiten deutsan, baina egia da gauzak ez dirala egun bakarrean erakusteko egiten. Guk aukerea edegita itxi dogu beste egun edo leku batzuetan barriro egiteko. Esaterako, Zabalgune plazako eraikinaren barruan badago leku ederra beheko solaruan [Bilbao 700 Fundazinoaren egoitzea dago eraikin horretan].


9.- Kanpoko taldeak dagoz egitarauan, Segoviatik, Norvegiatik eta abar etorritakoak. Gatxa izaten da holako taldeak Bilbora ekartea?

Ez da erraza izaten. Aurtengo talde batzuk, esate baterako, igazko edizinoa amaitu eta hilabetera lotuta geunkazan. Guk egun jakin batzuetan antolatzen dogu BAS, Aste Santu aurretxuan, eta egun horreek izan behar dira, ze jentearen ohiturak kontuan izan behar dira. Orduan, arin ibili behar dogu, artistek euren biren barruan kontuan hartu daien gurea. Adibidez, Nao d'Amores taldeak Segovian egin eban emonaldia joan dan astean eta orain gugana datoz. Guk geure eguna nahi genduan moduan lotu genduan, arin ibili ginalako, eta Segoviako antolatzaileek Aste Santuaren aurreko astean nahi eben baina aurreratu egin behar izan dabe. Ia urtebeteren faltan itolarrian ibilten gara batzuetan, baina gero merezidu dau, arin ibilteak abantailak izaten ditu. Urrunetik datozan taldeen bidaietako txartelak arin erosi ezkero be, merkeagoa da.

10.- Maitasunez eta argiz ikuskizunerako sarrerea erosten dauenari, Eleiz Museoa doban ikusteko gonbidapena emongo deutsazue. Museo horrek gordeten dituan altxor ezkutuak gizarteratu nahi dozuez?

Jaialdiaren bigarren eszenatokia da, eta ia-ia berez da eszenatokia, ze museoa komentua izan zan sasoi baten eta alboko Gizakundearen eleizeagaz lotutako historia luzea dauka. Bai eleizeak eta bai museoak, gugaz behintzat, oso jarrera onean hartu gaitue. Gogoan izan lan asko egin behar dala eraikinen barruan: Eszenatokia ipini, argiak... esker oneko gara erakunde biokaz. Ganera, herritarrei keinua egin nahi deutsiegu, sarrerakaz batera museoa ikusteko gonbidapenak emonaz. Maiatzaren 15era arte erabili ahal izango dira. Egia esan, museoak altxor ederra dauka, arte sagradua ez da bakarrik Aste Santuan abesten dogun kantua. Arte plastikoa be badago eleiz artearen barruan eta horixe da, hain zuzen, museoak daukan aberastasun handiena. Ganera, eraikina bera be balio handikoa da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu