Historia eta eleiz artea Bilboko Atxuri auzora eroango ditu BAS jaialdiak

Dabi Piedra 2017-03-23 12:52   Kulturea

Apirilaren 3tik 8ra bitartean egingo da Bilbo Arte Sakratua jaialdiaren 13. edizinoa, Gizakundearen eleizan eta Eleiz Museoan. Antxinako musikea eta arte eszenikoak ardatz, bost ikuskizun egongo dira.

Josune Ariztondo, BASen aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Eleiz artea berreskuratu eta barritzeko helburuz antolatzen dau Bilbao 700 Fundazinoak Bilbo Arte Sakratua (BAS). Aurtengo edizinoan bost ikuskizun ekarriko ditue, tartean fundazinoak berak produzidutako Maitasunez eta argiz.

Eleizeagaz lotutako antxinako musikea eta kantua izango da jaialdiaren oinarri nagusietako bat, baina ez bakarra. Izan be, antzezlan erako emonaldiak eta errezitaldiak sartu ditue programazinoan. Musikearen eta artearen memoria historikoa berreskuratu nahi dogu, azaldu dau Bilbao 700 Fundazinoko zuzendari Josune Ariztondok.

Atxuri auzoak hartuko dau BASen 13. edizinoa. Historia luzeko auzoa da Atxuri, azaldu dau Ariztondok, Bilbo uriaren beraren hasikerea auzoagaz lotuta dago. Hartara, leku aproposa da era honetako jaialdi bat antolatzeko. Gizakundearen eleizan antxinako musikearen eta eleiz musikearen erakustaldi ugari egoten dira (Aste Nagusiko programea eta BAS, esaterako). Eleiz Museoa, ostera, eleizearen jardunak Bizkaian itxitako arrastoaren erakusle da. Eleizea eta museoa alkarren alboan dagoz, Atxuriko bihotzean.

Apirilaren 3tik 8ra, alkarren segidako sei egun hartuko ditu jaialdiak. Dana dala, bost ikuskizun dira (egun bitan emongo dabe euretako bat). Lehenengo egunean, hilak 3, Josetxu Obregon bilbotarrak sortu eta zuzendutako La Ritirata taldearen txandea izango da. Errenazimenduko, Barrokoko, Klasizismoko eta Erromantizismoko obrak joten ditu La Ritiratak eta BASen ¡Albricias, oh mortales! lana aurkeztuko dau. Eugenia Boix sopranoaren ahotsak lagunduko deutse La Ritirataren doinuei.

Hurrengo egunean, apirilaren 4an, Ana Zamorak zuzendutako Misterio del Cristo de los Gascones obrea antzeztuko dau Nao d'Amoresek. Erdi Aroan Segoviako urian egiten zan ospakizun liturgikoaren egokitzapen librea da.

Maitasunez eta argiz, bestetik, Bilbao 700 Fundazinoaren produkzinoa da. Apirilaren 5ean eta 7an eskainiko dabe, sesino bikotxean (20:00 eta 21:00). Bilboko Eleiz Museoa hartzen dauen eraikinean egon zan komentuan girotutako antzezlana da Maitasunez eta argiz, Maria Goiricelayak zuzendua. Ane Pikaza, Getari Echegarai eta Nagore González dira aktoreak. Mañariko Kirikiño abesbatzeak be parte hartuko dau. Antxinako Bilboren historian zeharreko bidaiea dala dino Josune Ariztondok.

Apirilaren 6an, ostera, Norvegiatik etorritako Nordic Voices taldearen ahotsez disfrutau ahal izango dabe entzuleek. Himmelske Fader izeneko emonaldi horretan a capella abesten dabe. Amaitzeko, apirilaren 8an, Iter Luminis: trabajos y placeres de amor zeremonia musikal eta poetikoa hartuko dau BASek. Lidia Pujolek sortutako piezea da eta, Bilboko emonaldian, Jabier Muguruzak eta Leioako Doniene Abesbatzeak parte hartuko dabe.

Emonaldi guztiak Gizakundearen eleizan izango dira, 20:00etan. Salbuespena Maitasunez eta argiz da: Sesino bi egongo dira aukeran (20:00 eta 21:00) eta, ganera, Eleiz Museoaren klaustroan izango da. Dana dala, euria balitz, eleizearen barrura aldatuko leukie emonaldia.

Sarrerak martiaren 29an ipiniko ditue salgai, Bilbao 700 Fundazinoak Zabalguneko plazan daukan egoitzan. 5 eurokoa da ikuskizun bakotxeko prezioa. Josune Ariztondok ohartarazo dauenez, apirilaren 5eko edo 7ko emonaldietarako sarrerak erosi ezkero, Eleiz Museoa bisitetako sarrerea oparituko da.

Kontuak kontu, antxinako musikea, kantua, aspaldiko sasoietatik berreskuratutako obrak eta antzezlanak batu ditu BASek aurtengo egitarauan, beti historiari keinua eginaz. Ziklo honetarako beren-beregi sortutako eszenografia eta apaingarriak egongo dirala ziurtatu dau Ariztondok, eta publiko guztiarentzat aproposa dala jaialdia.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu