Chucho Valdes, Bill Evans eta Dean Brown be Getxoko Jazzaldian izango dira
2017-03-30 11:33 MusikeaGetxoko Udalak aurreratu dauenez, aurtengo edizinoko egitaraua zarratuta dago. Maiatzean erosi ahal izango dira sarrerak eta jaialdia bagilaren 28an hasiko da.
Aurretik be, goi mailako izenak iragarrita euki ditu Getxoko 41. Jazzaldiak, esaterako John Abercrombie eta Dianne Reeves. Halandabe, jazzaren munduko izen ospetsu gehiagoren barri emon dau orain Udalak. Iragarpen honegaz, aurten Getxon izango diran izar guztiak nortzuk izango diran badakigu, egitarauko saio nagusiei jagokenez.
Chucho Valdes piano-jole kubatarra Bebo Valdes mitikoaren semea da eta jazz afrokubatarraren doinuak eroango ditu Getxora. Zortzi Grammy sari irabaziak ditu Valdesek. Bill Evans estadubatuarrak, ostera, saxofoia joten dau eta, besteak beste, Miles Davisen bandako kide izan zan 1980ko hamarkadan. Dean Brown gitarra jolea be Estadu Batuetatik helduko da Bizkaira.
Bestetik, Andrzej Olejniczak poloniarra, eskarmentu handiko saxofonistea, izango da Biotz Alai plazako oholtzan. Hain zuzen, jazzaldiko lehenengo kontzertua izango da Olejniczakena, bagilaren 28an. Poloniarra izan arren, Bilbon bizi da eta ez dau galdu bere musikea Getxon erakusteko aukerea.
Bill Evans eta Dean Brown, ostera, bagilaren 30ean izango dira Getxoko Jazzaldian. Alkarregaz abiatu daben proiektua aurkeztuko dabe. Eurokaz biokaz eta beste musikari bigaz, laukote erako emonaldia izango da. Chucho Valdesen txandea jaialdiaren azken egunean izango da, garagarrilaren 2an. Honek be hiru musikari izango ditu alboan.
Bagilaren 28tik garagarrilaren 2ra egingo da 2017ko Getxoko Nazinoarteko Jazzaldia. Udalak azaldu dauenez, maiatzaren lehenengo astean ipiniko ditue salgai kontzertu nagusietarako sarrerak. Kutxabanken kutxazainetan eta Algortako Kultur Etxean erosi ahal izango dira.
Egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!