John Abercrombie eta Dianne Reeves Getxoko Jazzaldian izango dira
2017-03-15 09:33 MusikeaBagilaren 28tik garagarrilaren 2ra egingo da Getxoko 41. Jazzaldia. Aurtengo izar nagusien artean Abercrombie eta Reeves egongo dirala aurreratu dabe antolatzaileek.
Bagilaren 29an izango da John Abercrombieren txandea. Dianne Reevesek, ostera, garagarrilaren 1ean emongo dau kontzertua. Jaialdiko egitarau nagusia beste hiru kontzertugaz biribildu nahi dabe antolatzaileek eta, ganera, Taldeen Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa ataleko saioak egongo dira, urtero legez.
John Abercrombie estadubatuarra jazzaren munduko gitarra-jolerik ospetsuenetako bat da gaur egun. 1960ko hamarkadan hasi eban ibilbidea, Johnny Hammond Smith organistearen bandan eta Brecker Brothers taldean. New Yorkera bizi izatera joan zanean, artista ezagunen alboan jo eban. 1970eko hamarkadan, bakarkako lanari ekin eutsan. Harrezkero, disko ugari plazaratu ditu eta jazza barritzen lagundu dau.
Getxon eskainiko dauen kontzertuan, John Abercrombiek hiru artista izango ditu alboan: Marc Copland (pianoa), Joey Baron (bateria) eta Drew Gress (baxua).
Dianne Reeves be Ameriketako Estadu Batuetatik dator Getxora. Bost Grammy sari irabazitako abeslaria da Reeves, 1970eko hamarkadatik lanean dabilena. Chicagoko eta Berlingo orkestrakaz kantau izan dau eta Wynton Marsalisegaz eta beste hainbategaz agertu izan da oholtzan.
Beste alde batetik, Getxoko Jazzaldiko antolatzaileek azaldu dabenez, Biotz Alai plazako kontzertu handien aurretik, Taldeen Lehiaketako emonaldiak egongo dira egunero. Mundu guztiko jazz talde gazteek parte hartzen dabe lehiaketan. Aurten, honeek izango dira Getxon: Adam Jarzmik Quintet (Polonia), Malstrom (Alemania), Sun-Mi Hong Quintet (Hego Korea-Italia-Erresuma Batua) eta Claudio Jr. de Rosa Jazz Quartet (Italia-Grezia-Espainia-Lituania).
Jazzaldiaren lehenengo lau egunetan joko dabe Taldeen Lehiaketako parte-hartzaile guztiek eta bosgarrenean, hau da, azken egunean, irabazleek barriro joko dabe. John Abercrombieren eta Dianne Reevesen kontzertuen barri emonda, eta Taldeen Lehiaketako parte-hartzaileak iragarrita, beste hiru kontzertu nagusietan nortzuk egongo diran ezagutarazoko dabe antolatzaileek hurrengo asteetan. Hirugarren Milurtekoa zikloko artisten barri emotea be falta da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!