Eusko Jaurlaritzeak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak 2022ra arteko hitzarmen-marko barria sinatu dabe

Bizkaie! 2017-03-30 10:18   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzeak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak Baionan sinatu dabe bart euskerearen ezagutzea, erabilerea edota presentzia sustatzeko hitzarmena.

Akordio honen bidez, erakunde bi horreen arteko lankidetzan sakondu gura da, euskerearen ezagutzea, erabilerea edota presentzia sustatzeko. Hitzarmenak jasoten dituan oinarriez harago, konpromiso honen adierazle legez, Jaurlaritzeak diru-ekarpen bat egingo dau euskerearen aldeko eragile pribatuen lana babesteko; aurten 400.000 eurokoa izango da. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua akordio honen aurkezpenean izan da, eta euskerearen lurraldeen arteko alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea izan da Eusko Jaurlaritzea ordezkatzen. Euskerearen Erakunde Publikoaren aldetik, Mathieu Bergé Euskerearen Erakunde Publikoaren presidentea eta Bernadette Soulé erakunde honen zuzendaria izan dira. Danek be balioa emon deutsie orain dala 10 urte jaiotako akordio honi, ezinbesteko baliabidea baita euskerea Bidasoaren iparraldean sustatzeko. Hitzarmen-marko honen bidez, batetik, lankidetza honen helburuak, erispide nagusiak, alkarregaz garatu daitekezan jarduerak edota alkarlanaren segimendurako aukerak zehaztu dira.

Hitzarmen-markoak dakarrenez, Eusko Jaurlaritzeak eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoak euskerearen ganeko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetzea garatzearen aldeko borondatea berresten dabe. Era berean, alderdi biek adierazoten dabe hizkuntza politikearen arloan sustatuko dan alkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dala, eta ezaugarri juridiko horreen artean diran desbardintasunakazko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dabe. Alkarregazko errespetua, konfidantza osoa eta lankidetzan segiduteko borondate finkoa dira akordioaren oinarri sendoak, adierazo dau Zupiria sailburuak.

Mugaz bi aldeetako erakunde publikoek alkarregaz garatu leikiezan jarduerei jagokenez, Eusko Jaurlaritzeak eta Euskerearen Erakunde Publikoak lau erronka zehaztu ditue: euskerearen transmisinoa, hizkuntzearen presentzia eta erabilerea, hizkuntzearen kalidadea eta euskerearen aldeko jarrerea. Euskerearen bilakaera soziolinguistikoa hobeto ezagutzeko eta finkatutako erronkak beteten dirala egiaztatzeko, ikerketa-lerroak sustatuko eta bideratuko dira: Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa, Euskerearen presentzia eta erabilerea neurtzeko adierazleen definizinoa eta horreen ganeko informazino trukaketa, besteak beste.

Hitzarmena 2017tik 2022ra arte egongo da indarrean, eta adostutakoa gauzatzen dala bermatzeko, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzearen eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoaren arteko Jarraipen Batzordea izentauko da.


Diru-laguntzinoak

Hitzarmen-markoa alkarlanerako erreferentzia nagusia izanik, urtero sinatuko da bi aldeen artean alkarlanerako eranskin bat. Dokumentu horretan ezarriko dira, besteak beste, akordioaren helburuak lortzeko dagozan baliabide ekonomikoak, eta lankidetzarako funts bat eratuko da. Bi aldeen diru-ekarpenak hartuko ditu funtsak, eta kudeaketea, gehienbat, Euskerearen Erakunde Publikoaren ardurea izango da. Euskerearen alde eragiten daben alkarte eta proiektuentarako diru-laguntzino deialdirako deia egingo dau erakundeak, betibe Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa eta presentzia bermatuz prozesu horretan.

Eusko Jaurlaritzeak 400.000 euro bideratuko ditu aurten euskerearen aldeko ekimen pribatuak diruz laguntzeko. Euskal Hirigune Elkargo barria oraintsu jaio danez eta horrek Euskerearen Erakunde Publikoaren kudeaketan aldaketak ekarriko dituanez, oraindino ez dago erabagita Iparraldeko erakundeak jarriko dauen kontu-saila. Igaz, 1.330.000 euro jarri zituan. Beraz, hitzarmen-marko honi lotuta dagoan eranskinari esker, diru kopuru garrantzitsua izango da euskerearen aldeko alkarteak, proiektuak eta ekimenak laguntzeko.


Hamar urteko ibilbidea

Lehenago be hartu-emonak izan baziran be, 2007an sinatu eben lehen aldiz hizkuntza-politikako gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen-markoa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzeak eta Euskerearen Erakunde Publikoak. 2007ko zezeilaren 7an sinatu eben eta 2010era arte izan zan indarrean. Alkarlan horren balorazinoa sano positiboa izan zanez, 2011ko urtarrilaren 31n, hizkuntza politikearen arloan lankidetzan jarduteko hitzarmena barritu eben erakunde biek. Akordioa 2011 eta 2016 bitartean izan da indarrean eta balorazinoa guztiz positiboa izan danez, alkarlanari eustea erabagi da.

Eusko Jaurlaritzeak euskerearen presentzia Iparraldean areagotzeko ahalegin horretan kolaboretan segidu nahi dau. Arlo publikoan, pribatuan, etxean, kalean eta gizarte osoan euskerea zabaltzen jarraitu behar da, baldin eta euskerearen etorkizuna Bidasoaren alde honetan bermatu nahi badogu. Lankidetza horretarako beti egongo gara prest, adierazo dau Zupiria sailburuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu