Ikusi eta Ikasi programan 5.500 umek parte hartu dabe aurten

Bizkaie! 2017-03-30 08:29   Euskerea berbagai

Neska-mutilei euskerazko astialdia eskaintzeko asmoz antolatzen dau Bilboko Udalak egitasmoa, urteko lehenengo hiruhilekoan. Aurtengo edizinoak igazko datuak hobetu ditu.

2017ko programearen aurkezpena, Bilboko udaletxean, urtarrilean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, eguena, jai berezi bategaz biribilduko da 2017ko Ikusi eta Ikasiren programazinoa. Akelar taldeko Tor eta Txoborro magoek saioa eskainiko dabe arratsaldeko 18:00etan, Bilborock aretoan. Jaialdi edegia izango da eta, ganera, sorpresak egongo dira. Esate baterako, aurtengo edizinoaren inguruko eretxia emoteko gogobetetze inkestea bete daben umeen artean hainbat sari zotz egingo dira.

Iratxe Urkiaga izango da ekitaldiko aurkezlea. Ganera, Bilboko Udaleko eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak egongo dira, horreek erakunde biek antolatzen dabelako Ikusi eta Ikasi. Gaurkoa amaiera jaia dan arren, antolatzaileek zehaztu dabe oraindino beste hiru saio geratzen dirala, programea, berez, apirilaren 5era artekoa da eta.

Urtarrilean hasi zan Ikusi eta Ikasiren 13. edizinoa eta, harrezkero, 66 ikuskizun egon dira Bilboko auzoetan: Antzerkia, pailazoak, magia, ipuin kontalariak eta abar. Ganera, tailerrak be egon dira gaztetxuentzat, esaterako barreterapia eta musikaterpia, baita sendabelarren ingurukoa be. Jarduera guztiak euskeraz dira, 2 eta 8 urte bitarteko umeei zuzenduak. Horrezaz gan, gurasoentzako zazpi berbaldi be antolatu dira.

Jarduera gehienak Bilboko auzoetako udaltegietan izaten dira. Aurtengo edizinoan hiru leku barri gehitu dira: Euskararen Etxea, San Adriango Iruarteta ikastetxea eta Abusuko liburutegia. Bilboko Udalaren arabera, ahalik eta auzorik gehienetara heltzen ahalegintzen dira.

13 edizino beteta, urterik urtera hazten eta hobetzen doa Ikusi eta Ikasi. Umeen euskerazko astialdian ezinbesteko hitzordu bihurtu da urian, Udalaren arabera. Orain arte egindako jardueretan, 5.505 neska-mutilek parte hartu dabe, igaz baino gehiagok.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu