Martiaren 30ean danok Otxandiora!
2017-03-29 09:27 Euskerea berbagaiFelipe Arrese Beitia: Euskerea maite maite, zagoz neugaz beti, Euskera hil ezkero ez dot gura bizi,
Hilaren 30eko hasiera-egun handia aurkezteko prentsa-agerraldia egin dabe AEK eta KORRIKAko arduradunek Bilboko Kalderapeko Euskal Kulturgunean. Asier Amondo Korrikaren arduradunak eta Joseba Irazabal Otxandioko arduradunak emon ditue eguneko zehetasunak. Mahaian egoan Koikili Lertxundi be, bera izango baita, Zurine Iarritugaz batera, hasierako ekitaldiaren aurkezlea.
Amondok Korrikak azken hileotan jasotako babesa nabarmendu dau, Euskal Herrian zein otxandiarren aldetik. Holan, Otxandioko Felipe Arrese Beitia poetearen berbak ekarri zituan gogora, euskereagazko maitasunaren erakusgarri: Euskerea maite maite, zagoz neugaz beti, Euskera hil ezkero ez dot gura bizi,
Joseba Irazabal Otxandioko arduradunak aurkeztu eban eguneko egitaraua: Korrika Txikia, kale-animazinoa, Aurrera Korrika ikuskizuna eta Gozategi taldea izango dira, besteak beste. Hasiera-ekitaldia 16:40an izango da, eta 17:00etan egingo ditu 20. Korrikak lehen pausuak. 20. Korrika edegiko dauen lehen kilometroari jagokonez, Joseba Kanpo Korrikaren sortzaile otxandiarra zanaren omenezko kilometroa izango da. Joseba Kanporen senideakaz batera, Korrikaren beste zenbait sortzaile izango dira hasierako kilometroan, 20. edizinoko omenduak diran neurrian.
Euskerazko hedabideek zuzeneko emonaldiak egingo ditue alkarlanean Otxandiotik bertatik: ETB, Kanaldude, Berria TB, Hamaika eta Goienak telebista-saio bateratua egingo dabe eta, irratiei jagokenez, Euskadi Irratia, Bizkaia Irratia, Euskal Irratiak eta Arrosa Sarea ibiliko dira alkarlanean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!