Lekuan lekuko komunikabideen eskutik, 'Gurean.eus' ataria jaio da

Bizkaie! 2017-03-29 08:44   Euskerea berbagai

Tokikom alkartean batutako 60 tokiko hedabidek sortu dabe euskerazko tresna barria. Herri eta eskualdeetako informazinoa gaika antolatuta zabalduko dau Gurean.eus-ek.

Herrietako edo eskualdeetako euskerazko komunikabide txikiek alkarlanerako bidea zabaldu eben Tokikom sortuta. Bakotxak bere eremutik produktu zabalago eta osoago bat emoteko helburuan beste pausu bat egin dabe orain. Tokikomeko 60 hedabideen edizino digitalean plazaratzen diran albisteak batu eta gaika antolatzeko tresnea izango da Gurean.eus ataria. Hau da, lekuan lekuko komunikabideek sortutako komunikabide handiagoa. Euskal errealidade lokalaren leiho globala izatea da helburua, Tokikomen arabera.

Euskeraz pentsau, sentidu eta bizi zara, Gurean zara, horixe da atari barriaren bultzatzaileek euskal irakurleei bialdu deutsien mezua. Informazino orokorreko komunikabideen antzera antolatuko dira Gurean-eus-eko edukiak: Gizartea, ekonomia, kulturea, kirolak, ekitaldiak... baina atal horreek Tokikomeko kideen edizino digitaletako albisteakaz horniduko ditue. Alkargunerako leku edegia izatea nahi dau Tokikomek: Herrietako komunikabideek ez eze, irakurleen aportazinoak eta eretxiak batuko ditue. Tokikomen barruko hedabideek, danek batera, 250.000 erabiltzaile inguru dituela kontuan izan behar da.

Sarerako pentsautako komunikabidea da Gurean.eus, batez be telefono mobiletik kontsultea egiteko. Tokikomek azaldu dauenez, informazino lokala emoteko orduan egon dan hutsunea betetea da asmoa. Gure mundua, bisinoa eta ideak handiago egin nahi doguz, integratzailea eta hobeto informatua dan oraina sortzeko, dino Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek.

Tokikomeko sareak informazino kopuru erraldoiak sortzen ditu egunero, azaldu dau Artolazabalek. Idea da herriz herri, auzoz auzo sortutako sortutako eduki hori guztia erakusleiho barri baten erakustea, lekuaren arabera baino, gaiaren arabera ordenauta. Egunerokotasunaren ikuspegi guztiz desbardina eskainiko dabe modu horretara, Tokikomeko zuzendariaren ustez, ohiko medioen agendatik kanpoko gaiak azaleratuko ditue eta.

Gurean.eus webgunea aktibo dago dagoeneko eta, ganera, Tokikomeko bazkide diran hainbat komunikabideko webguneetatik be sartu leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu