Euskal Blogarien Topaketan izena emoteko azken egunak

Bizkaie! 2017-03-28 11:02   Euskerea berbagai

Martiaren 30ean antolatu dau jardunaldia Azkue Fundazinoak, Bilboko Euskararen Etxean. Euskerazko blogen egoerea aztertuko dabe adituek eta Blogetan lehiaketako sariak banatuko dira.

2014an egindako topaketearen irudi bat (argazkia: Azkue Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko blogen barri zehatza izateko hitzordu aproposa izango da Euskal Blogarien Topaketearen bigarren edizinoa. Arratsaldeko 15:30etan hasi eta iluntzera arte, egitarau bete-betea antolatu dau Azkue Fundazinoak San Inazio auzoko Euskararen Etxean. Parte hartzeko, baina, izena emon behar da, doban, eta ekitaldirako egun gitxi falta diranez, herritarrei dei egin deutsie Azkuek, egueneko jardunaldira joan daitezan. Izena emotea erraza da eta online egin leiteke, hemen.

Topaketearen helburua da, euskal blogintzearen inguruan sakontzea, jokerak eta etorkizuneko erronkak zeintzuk diran aztertzea eta hausnarketea zabaltzea, Azkue Fundazinoaren esanetan. 2014ko topaketan euskerazko blogetan dagoan aniztasuna agirian geratu zan eta oraingoan gai horretan gehiago sakondu nahi dabe, adituen laguntzinoagaz. Izan be, 2014an antolatu zan lehenengo topaketea (Blogetan lehiaketearen aurreneko edizinoagaz bat eginaz), eta aurten barriro egingo da.

Egitarau zabala iragarri dabe martiaren 30eko topaketarako, eta interneten munduan zeresana daukien jentea konbidau dabe. Lehenik eta behin, Weblogs enpresako arduradun Antonio Ortizek egingo dau berba. Weblogs gaztelaniazko sareko edukiak sortzen dituan enpresarik handienetako bat da. Ondoren, Biantik kooperatibako Ion Turrillasek emongo dau berbaldia. Teknologia aholkularitzan dabiz hor.

Mahai-inguruetara salto egin aurretik, euskerazko blogen inguruan Azkue Fundazinoa egiten dabilen inkestearen datuak ezagutzera emongo dira. Erabiltzaileen artean inkesta zabala egiten dabil fundazinoa, euskerazko blogen inguruko ikuspegi zehatza izateko.

Jardunaldia biribiltzeko, mahai-inguru bi egongo dira. Lehenengoaren izenburua Garapena, posizionamendua eta baliabideak izango da eta Estitxu Garai Artetxek egingo dau moderatzaile lana. Bigarrena, Ana Malagon moderatzaile dala, Sustapena, publizidadea eta monetizazinoa izenburukoa izango da. Mahai-inguru bietan blogen eta interneten munduan eskarmentu handia daukien adituek parte hartuko dabe.

Topaketearen amaieran, blog lehiaketearen sari-banaketea egongo da eta mokadutxua emongo deutsie bertaratutako guztiei. Solasaldia be antolatuko da. Teknologia barriek emoten dituen aukerak erakusteko, aldi bereko interpretazino zerbitzua egongo da Antonio Ortizen berbaldian, gaztelaniatik euskerara. Interprest sistema barria erabiliko da, Donostia 2016ren ekimenez Talaios eta Biantik kooperatibek garatua.

Jardunaldiagaz batera, Blogetan lehiaketearen sari-banaketa ekitaldia egongo da Euskararen Etxean. Lehiaketa hori urtarrilean hasi zan, euskerazko blogik onenak saritzeko asmoz. Hautagai guztien artean botoa emon ahal izan dabe interneteko erabiltzaileek eta astelehenean jakingo da kategoria bakotxeko finalistak zeintzuk diran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu