Korrikaren mezua munduko 12 uritan zabalduko dau Etxepare Institutuak
2017-03-28 08:35 Euskerea berbagaiEtxepare Institutuaren unibersidade sarearen barruan egitarau bereziak atondu ditue, besteak beste, Korrika laburrak izango dira 12 uri horreetan.
Euskal Etxeen edo atzerrian bizi diran euskaldunen ekimenez, Korrikari lotutako ekimen ugari atondu ditue egunotan mundu guztiko herri eta urietan. Etxepare Institutuak be bat egin dau olatu horregaz eta ikasketa programak daukazan 12 uritan Korrikaren aurtengo mezuaren barri zabalduko dau.
Leipzig, Cork, Szeged, Budapest, Venezia, Helsinki, Edinburgo, Liverpool, Santiago, Mexiko Uria, Chicago eta Brno dira Etxeparek aukeratutako lekuak. Mugak apurtuta, Korrikaren mezua mundura zabalduko dauela agindu dau institutuak. Korrika antolatzen dan urte guztietan egiten ditu antzeko ekimenak Etxeparek.
BatZuk da aurtengo Korrikaren leloa eta, Etxeparek azaldu dauenez, munduan Korrika antolatzen daben lekuak be badira BatZuk. Aukeratutako 12 uri horreetako euskera ikasleakaz eta euskal komunidadeagaz konpartiduteko, egitarau bereziak antolatu ditue institutuak hara bialdutako irakurleek. Izan be, Etxepareren helburua euskerea eta euskal kulturea mundura zabaltzea da, eta Korrikaren bidez, nazinoartean euskerearen aldeko mezu positiboa zabalduko da.
Hauxe da, labur-labur, uri bakotxean Etxepare Institutuak antolatu dauen programazinoa:
- Alemaniako Leipzig urian, Korrika egingo dabe, Augustusplatz plazatik Thomaskirch eleizara, martiaren 29an.
- Irlandako Cork urian, martiaren 30ean, BatZuk dokumentala proiektauko dabe eta, ondoren, mahai-ingurua egongo da.
-Hungariako Szeged urian, Korrika antolatu dabe, Dóm plazatik unibersidadera, martiaren 31n.
- Budapest uriburuan, ostera, apirilaren 1ean izango da Korrika. Ondoren, pintxo-potea egongo da.
- Italiako Venezian be, apirilaren 1ean egingo dabe Korrika, San Marco plaza ospetsutik abiatuta.
- Finlandiako Helsinki uriburuan, Korrika eta pintxo dastaketea egingo ditue apirilaren 1ean. Unibersidadean Gazta zati bat dokumentala proiektauko dabe.
- Eskoziako uriburuan, Edinburgon, egitaraua luzeagoa izango da, apirilaren 1ean: Goizean Korrika eta, ondoren, herri kirolak, euskal produktuen dastaketea, jantzak eta txistulariak. Kalejirearen ostean, bazkari herrikoia eratu dabe. Jantza euskaldunak eta gaelikoak bazkalostean.
- Ingalaterrako Liverpool urian, bestalde, unibersidadeko kanpusean egingo dabe Korrika, apirilaren 1ean, eta gero bazkaria egongo da.
- Txileko Santiagon, Arte Ederren ataritik Euzko Etxera bitartekoa izango da Korrika, apirilaren 1ean.
- Mexiko Urian, Chapultepec parkean Korrika eginaz ekingo deutsie egunari, apirilaren 2an. Ostean, euskal jantzen tailerra egongo da, baita txalaparta ikastekoa be. UNAM unibersidadeko ikasleek Korrikaren inguruan egindako bideoa ikusi ahal izango da gero eta, amaitzeko, kantaldia.
- AEBetako Chicagon be, apirilaren 2an egingo dabe Korrika. Bazkariaren ostean barriketaldia egongo da.
- Txekiako Brno urian, apirilaren 8an izango dira ekitaldiak, hurrengo zapatuan. Nerudova tranbia geltokitik Svobody plazara, 5 km-ko Korrika egingo dabe eta, ondoren, afaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!