Euskerea ikastea doban izateko eskatu dau Kontseiluak
2017-03-24 12:26 Euskerea berbagaiEuskeraz ikasi nahi dabenek ahalegin ekonomiko handiegia egin behar dabela uste dau Kontseiluak. Kanpainea martxan ipiniko dau, dobako eta persona guztientzako euskalduntzea eskatzeko.
Hurrengo hileetan martxan egongo dan kanpaina horretan, Kontseiluagaz batera dagoz hainbat euskaltegitako ordezkariak: AEK, IKA, Maizpide, Urrats eta Hitzez, hau da, Kontseiluaren Euskalduntze eta Alfabetatzearen (HEA) sektoreko kideak. Bilbon egin dabe agerraldia, euren aldarrikapenak gizarteratu eta kanpainearen barri emoteko.
Gaur egun, euskerea ikasi nahi dauen heldu batek, ahalegin intelektualaz gan, ekonomikoa egin behar dau. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak konparaketea egin dau: Heldu batek guztiz euskalduntzeko gastetan dauen diruagaz, urte biko etxerako erosketak egin leikez. Euskal Autonomia Erkidegoan euskerea hizkuntza ofiziala dan ezkero, berau ikastea eta jakitea eskubidea dala dino Bilbaok eta neurriak eskatu ditu, helduek euskalduntzeko ez daien ahalegin ekonomiko hori egin behar.
Zerbitzu publikoa izan beharko litzateke euskalduntzea, Kontseiluaren ustez. Hartara, horren erantzunkizun zuzena administrazinoak hartu behar dauela dino. Eta, zerbitzu publikoa dan heinean, dobakoa izan behar leuke persona guztientzat, azpimarratu dau Paul Bilbaok. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzea pausu batzuk egiten hasi dala gogoratu dau Kontseiluko ordezkariak, eta txalotu egin dau erabagi hori. Pauso horreek, euskerearen normalizazinorako aldarrikapen historiko izatetik, lorpen historikorako zubi izateko egingo dogu lan.
Jaurlaritzeak hasitako bidea ahal danik eta urrunen eroateko asmoz, aukera hau aprobetxau beharra nabarmendu dau Paul Bilbaok. Lankidetzan jardutea jagoku orain, erantzunkizunez eta eraginkortasunez. Azken finean, dobakotasunaren aldeko aldarria egitea, eskubideen alde egitea dala uste dau. Bilbaoren esanetan, etxean edo umetan euskerea jaso dauenak doban ikasi dau, eta helduaroan be holan izan behar litzateke.
Beste eskubide sozial batzuk gogoan hartu ditu Paul Bilbaok, hareekaz lotutako zerbitzuak jasoteko ez dalako pagau behar: Hezkuntzea edo osasun arretea, esaterako. Beste eskubide sozial bat dan neurrian, helduen euskalduntzerako trataera bera aldarrikatzen dogu.
Helduen euskalduntzean gaur egun dagoan nahaste-borrastea be salatu dau Bilbaok. Kontseiluak galdeketea egin dau hainbat ikasleren artean eta, diru-laguntzinoak emoteko orduan, ez dagoala erespide bateraturik eta desbardintasun handiak dagozala ikusi dau. Leku batzuetan, laguntzinoei esker doban ikasi leiteke euskerea, baina leku gehienetan, ez. Batzuek 500 euro pagetan ditue, beste batzuek mila... desbardintasun handiak dagoz. Kasuren baten, 5.000 eurora be heltzen da gastua.
Hortaz, dobakotasuna eskatu dau Kontseiluak persona guztientzat, eta hori kudeatzeko lehiatila bakarra egon daitela. Hau dana koordinatua eta planifikatua izan behar da, azpimarratu dau Paul Bilbaok. Jaurlaritzearen aurrekontuetatik bideratzen dan dirua handitu beharko da horretarako.
Euskerea danontzat doban lelopean, beraz, kanpainea egingo dabe Kontseiluak eta euskaltegiek. Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak Korrikaren inguruan egingo diran ekimenak zehaztu ditu: Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean dobakotasunaren aldeko kilometroak egongo dira. Ondoren, udara arte, ikasleakaz landuko dabe gaia.
Kanpainearen irudia dobako Wi-Fi seinalea hartu leitekean guneetako ikurraren antzekoa da. Azken finean, leku askotan Wi-Fi zerbitzua doban eskaintzen dan moduan, euskerea jasotea be dobakoa izatea nahi dau Kontseiluak. Nazino Batuen Erakundearen arabera, interneterako sarbidea giza eskubidea da eta gobernuek neurriak hartu behar ditue hori bermatzeko. Euskerea ikasteko prozesuan be holako neurriak eskatu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!