Euskal Herrian berba egiten diran 99 hizkuntzaren lekukotasunak batu ditu Badiharduguk

Bizkaie! 2017-03-23 09:42   Euskerea berbagai

101L izeneko proiektuaren emoitzea da. Webgunea eta dokumentala plazaratu ditu Badihardugu alkarteak, orain arteko lana erakusteko.

Badiharduguko taldekideak, lekuko bati alkarrizketea egiten (argazkia: Ahotsak.eus) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko kaleetan nagusi dira hizkuntza batzuk: Euskerea bera, eta gaztelania eta frantsesa, gehienbat. Baina badagoz hizkuntza gehiago be, sarritan etorkinek ekarriak. Hizkuntza aniztasun hori aberastasun handia dalakoan, Badihardugu alkarteak 101L proiektua sortu eban, ahalik eta lekukotza gehien batzeko asmoz. Donostian aurkeztu dabe orain arteko emoitzea: 99 hizkuntza berba egiten dituen 154 herritar topau ditue eta guztien testigantzak grabau ditue bideoan.

Ahotsak proiektuagaz lotutako egitasmoa da 101L. Herri eta eskualdeetan berba egiten diran euskera diferenteak jasotea eta aztertzea da Ahotsak-en helburua, hizkeren eta aldaeren erregistroa egon daiten, grabazinoan zein idatziz. 101L, ostera, antzekoa da, baina euskerearen bariedadeak bilatu beharrean, Euskal Herriko hizkuntzak batzea da asmoa, handiak zein txikiak izan.

Lekukoentzako hiru galdetegi erabili ditu Badiharduguk, Donostiako aurkezpenean azaldu dauenez: Etorkinentzat beren-beregi pentsautakoa da bat; beste bat, etorkinen ondorengoentzat; azkenik, turistentzat atondu dabe beste itaun-moltso bat. Talde bakotxaren ohitura linguistikoak, euskereaganako jarrerea eta abar jaso ditue galderen bidez, baina hizkuntzeagaz lotuta ez dagozan gaiak be jorratu ditue, esperientzia personalak.

Orokorrean, alkarrizketatutako personek harrera ona egin deutsie proiektuari eta ilusinoz hartu dabe euren hizkuntzearen ganean berba egin ahal izatea. Hizkuntza horreetako askok, Euskal Herrian behinik behin, hiztun gitxi daukiez. Alemana, errusiera eta beste hainbat hizkuntza handi topau ditue, baina baita guretzat ezezagunagoak diranak be: Azerbaijanera, edoera, pulaarera, voroera eta abar. Tartean dago gorren hizkuntzea be. Zerrenda osoa hemen.

Guztira, 99 hizkuntzaren lekukotasunak batu ditu Badiharduguk (euskerea kontauta), 154 alkarrizketatan. Gehiago bilatzeko prest dagoz. Donostian egin ditue grabazino gehienak, uri hori izan dalako proiektuaren erdigunea. Gipuzkoako eta Bizkaiko udalerri batzuetan be ibili dira. Webgunean ikusi leitekez bideo guztiak eta hizkuntza bakotxaren inguruko argibide laburrak.

Ganera, Donostian batutako informazinoagaz, Donostia eleaniztuna izenburuko dokumentala egin dau Badiharduguk. Atzo aurkeztu zan, Koldo Mitxelena Kulturunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu