EHUren Udako Ikastaroetan euskerazko eta ingelesezko eskaintzea handituko da

Dabi Piedra 2017-03-22 11:54   Kulturea

Bagilaren 7tik irailaren 15era egingo ditu EHUk 36. Udako Ikastaroak. Egitarauan 137 ikastaro, tailer, eskola eta jardunaldi profesional dagoz.

Vicente Gutiérrez, Nekane Balluerka eta Carmen Agoués | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urteetan eskainitako ikastaro kopuruagaz alderatuta, antzeratsu ibiliko da aurtengo edizinoa. Halandabe, Nekane Balluerka EHUko errektoreak azaldu dauenez, euskerazko eta ingelesezko eskaintzan igoerea egongo da aurtengo udan. Udako Ikastaroen zuzendari Carmen Agoués eta BBVA Fundazinoko zuzendariorde Vicente Gutiérrez be egon dira Bilbon egindako aurkezpenean.

Urtero legez, alor ugaritako ikastaroak antolatu dira. EHUk 15 ataletan banatu ditu: Arkitekturea eta urigintzea; Bizitzearen bidaia; Kriminologia; Zuzenbidea; Ekonomia eta enpresea; Gizarte Zientziak; Hezkuntzea; Informazinoa eta komunikazinoa; Kulturea; Literaturea eta hizkuntzalaritzea; Energia eta ingurumena; Osasuna; Psikologia; Kirola; eta Zientzia eta teknologia.

Kalidadea eskaintzeaz gan, norberaren ezagutzea eguneratzeko aukerea dira Udako Ikastaroak, etenbako prestakuntzea da, azaldu dau Nekane Balluerka errektoreak. Ikasturtean zehar unibersidadera joateko astirik ez daukien profesionalentzat eskaintza aproposa dala uste dau.

137 ikastaro, tailer, eskola eta jardunaldi profesional dagoz egitarauan. Ganera, 20 biltzar, 5 jarduera edegi eta internet bidezko 20 kurso egongo dira. Jardueren artean, 24 euskeraz izango dira, 20 ingelesez eta frantsesez, bi. Ganerakoak, gaztelaniaz.

Donostiako Miramar jauregia izango da Udako Ikastaroen erdigunea. Jarduera batzuk, baina, beste herri batzuetara eroango ditue. Bizkaian, esaterako, 19 jarduera antolatuko dira, Bilboko Bizkaia aretoan eta Arratia eskualdean. Araban 12 izango dira eta Baionan beste bat, Miramar eta Hendaia artean egingo danaz ganera. Gipuzkoan, Donostian ez eze, Oñatin, Getarian, Irunen eta abar egingo ditu geldialdiak Udako Ikastaroen egitarauak.

Gaurko eta biharko erronkei erantzun nahi deutsiegu Udako Ikastaroen bidez, azpimarratu dau Carmen Agouések, gaur egungo gairik nabarmenenak landuko doguz, bai nazinoartekoak eta baita bertokoak be. Besteak beste, Erromako Itunaren 60. urteurrenean, Europako Batasunaren inguruko gogoetea egingo da, Brexit-ak baldintzatutako kontestu honetan. Ekonomia kolaboratiboa dalakoaren efektuak jorratuko dira eta umeen transexualidadea be bai.

Biltzarretan, ostera, nazinoarteko adituak eta bertokoak alkarregaz hartu-emonean jarriko ditu EHUk. Esate baterako, DIPC erakundeak (Donosta International Physics Center) Harvardeko unibersidadeagaz alkarlanean antolatu dau kongresuetako bat. Biltzar gehienak zientziaren arlokoak izango dira. Agouések azaldu dauenez, bertoko eta kanpoko 900 zientzialari inguru etortzea aurreikusi dabe.

Matrikulea egiteko epea zabalik dago dagoeneko. Maiatzaren 31ra arte, ganera, % 15eko deskontua egingo da prezioan. Kasu jakin batzuetan (erretiratuak, ikasleak, familia ugariak...), beherapena % 50ekoa izango da.

Matrikulea egiteko argibideak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu