Jean-Louis Davanti zapatuan emongo deutsie Manuel Lekuona saria, Ürrüstoi-Larrabilen
2017-03-22 10:25 Euskerea berbagaiEusko Ikaskuntzaren errekonozimendua jasoko dau filologo, idazle eta euskaltzain zuberotarrak bere jaioterrian.
Euskerea eta euskal kulturea bizibarritzeko egin dauen etenbako lan eta ahaleginagaitik emongo deutso 2016ko Manuel Lekuona saria Eusko Ikaskuntzak Jean-Louis Davanti. Udagoienean emon eban epaimahaiak bere erabagiaren barri eta, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak zabaldu dabenez, zapatuan, hilak 25, egingo deutsie gorazarrea Davanti.
Zuberoako Ürrüstoi-Larrabile herrian egingo da ekitaldia, goizeko 10:30etan. Jean-Louis Davant bertan jaio zan 1935ean. Halandabe, hara eta hona ibili zan gero, kulturan eta euskalgintzan ibilbide oparoa eginaz. Gaur egun, idazten segitzen dau.
Laborantza ikasketak amaituta, arlo horretan eskolak emoten ibili zan Davant, erretiratu arte, eta Hazparneko Laborantza Eskolearen sortzaileetako bat izan zan. Ekarpen handia egin eban Ipar Euskal Herriko nekazaritzan, baina euskalgintzeak eta literatureak egin dabe zazpi herrialdeetan ezagun.
Hasteko eta behin, euskera batuaren sorreran parte hartu eban Davantek, 1960ko hamarkadan. Baionako Biltzarrean egon zan 1964an eta hainbat proposamen landu ziran bertan, euskera batua eratzeko. 1968ko Arantzazuko batzar ezagunera eroan zituan horreek proposamenak Davantek eta, beraz, ekarpen baliotsua egin eutsan hizkera estandarrari. Zuberoako euskalkiaren defendatzaile eta ikerlari gogotsua dan neurri berean da euskera batua zabaldu eta bultzatzearen aldekoa.
Geroago, literatureari be ekin eutsan, gogotsu ekin be. Olerkigintzan ibili zan batez be, baina beste genero batzuk ahaztu barik. Nobelak, saiakerak, testu-liburuak eta abar. Euskeraz zein frantsesez, Euskal Herriko gertakari historikoak aztertzeko hainbat liburu plazaratu ditu. Horrezaz gan, itzulpengintzan ere ibili da eta hedabide ugaritan artikuluak idatzi ditu.
Pastoralak idaztea da Jean-Louis Davanten beste pasio handi bat. 1990ean Anton Abadiaren inguruko pastorala Maulen antzeztu zanetik, testu ugari atondu ditu Zuberoako pastoraletarako. Azkena, René Cassinen ganekoa, 2013an.
Herrigintzan eta politikagintzan be arrastoa itxi dau Davantek. Kultureagaz eta Zuberoagaz konprometidua dan ezkero, hainbat mobimendutan parte hartutakoa da. Esate baterako, Enbatan ibili zan 1960ko hamarkadan. Ezkerreko alderdi abertzale batzuen sortzaile izan zan (EHAS, Euskal Batasuna...), baina politikagintza aktiboan bere burua ez eban horren eroso ikusi eta ahalegin guztia kulturgintzara bideratzea erabagi eban. Kristautasunaren eta euskerearen irakaskuntzearen inguruko ekimenetan be laguntzaile izan da.
Ibilbide oparo horri esker, sari eta errekonozimendu asko jaso ditu Jean-Louis Davantek. Euskaltzain osoa be bada. Orain, Eusko Ikaskuntzaren gorazarrea be jasoko dau. Urte eta hamarkada askoan Davantek euskal kulturan eta euskerearen garapenean egin dauen ekarpen izugarria saritzea da erakunde horren asmoa.
Davanten ahaleginak bat egiten dau Manuel Lekuonak euskerea eta euskal kulturea indarbarritzeko izan zituan kezkakaz, azaldu eban urrian Eusko Ikaskuntzako epaimahaiak, erabagiaren barri emon ebanean. Belaunaldi oso baten erreferente dala ganeratu eban. Zuberoako errealidadea argi erakutsi izan dau eta bere lana Euskal Herri guztiari eskaini deutso, katea ez daiten eten, esan eben epaimahaikoek.
2016ko Manuel Lekuona saria emoteko ekitaldia Ürrüstoi-Larrabileko udaletxeko erabilera anitzeko gelan egingo da. Lehenik eta behin, Jean-Michel Larrasquet Eusko Ikaskuntzako kideak eta Battittu Coyos euskaltzainak berba egingo dabe, baita Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak be. Ondoren, Davant bera agertuko da oholtzan eta oroigarria emongo deutsie.
Jean-René Etchegaray Euskal Lurralde Alkargoko presidenteak eta Allande Davant Ürrüstoi-Larrabileko alkateak be parte hartuko dabe ekitaldian. Udalak hamaiketakoa emongo deutsie bertan egongo diran guztiei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!