Euskal Coaching programearen bidez, euskerea bultzatuko dau Bilboko Udalak kirolean eta teknologia barrietan
2017-03-21 12:24 Euskerea berbagaiGazteei begirako ekimena da. Uriko ikastetxeetan 15 tailer eta bost berbaldi antolatuko dira abendura bitartean, kirolari ezagunakaz.
Aurten be, laugarren aldiz, martxan ipini dau Bilboko Udalak Euskal Coaching izeneko ekimena, Koikili Lertxundiren laguntzinoagaz. Otxandioko futbolari ohia euskerea eta kirola buztartzeko jarduerak antolatzen ibilten da gaur egun, EuSport enpresearen bidez.
Era berean, euskal kirolagaz lotutako hainbat alkartek bat egin dabe: Bilbao Basketek, Aspek, Asegarcek, Galdakao-Ibaizabalek, Santurtzi Arraun Taldeak eta abarrek. Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Alkartea, BIGE, be tartean dago.
Euskara Tek izeneko tailerrak eta berbaldiak izango dira Euskal Coachingen oinarria. Gazteen astialdiko jarduera nagusietan euskerea bultzatzea izango da helburua, hau da, gazteek kirolean eta teknologia barrietan euskerea erabili ahal izan daien laguntzinoa emotea eta motibazinoa eskaintzea. Bilboko ikastetxeetan izango dira tailerrak; berbaldiak, ostera, uriko kirol instalazino eta udaltegietan. Saioak parte-hartzaileak izango dirala dino Udalak.
Gizartean erreferente diran kirolariek parte hartuko dabe berbaldi eta tailerretan. Honeek dira: Igor Anton, Amets Txurruka (txirrindulariak), Iraia Iturregi, Ainhoa Tirapu (futbolariak), Aitziber Juaristi, Amaia Olabarrieta, Koikili Lertxundi (futbolari ohiak), Matxalen Ziarsolo, Ainhoa Azaola (eskubaloi jokalariak), Borja Mendia, Asier Garcia, Ainara Ramasco (saskibaloi jokalariak), Mikel Urrutikoetxea, Iratxe Benito, Danel Elezkano, Ibai Zabala (pelotariak), Aitzol Atutxa (aizkolaria), Leticia Canales (surflaria), Rakel Mateos (triatletea), Txomin Arana (motor-gidaria) eta Iker Zabala (arraunlari izandakoa, gaur egun entrenatzailea).
Kirolariok ikastetxeetako neska-mutilen eredu izatea da asmoa, euskerearen erabilerearen alorrean, izan be, besteak beste, Joko Paralinpikoetan dominak irabazitako jokalariak dagoz (Asier Garcia), eta euren kirolean txapelketa ugari irabazi ditue gehienek.
2016ko Euskal Coaching programea arrakastatsua izan zala dino Bilboko Udalak, eta aurten holan segidutea espero dau. Hamabost tailer eta bost berbaldi egon ziran igaz eta 1.200 gaztetxuk parte hartu eben. Igazko kirolari gehienak aurten be egongo dira eta beste batzuek lehenengo aldiz parte hartuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!