Maider Zabalegi: 'Urte honeetan guztietan bizi izan dodana dago diskoan'

Dabi Piedra 2017-03-20 08:36   Barriketan

Musikaria eta abeslaria

Alaitz eta Maider bikotean ezagun egin zan Maider Zabalegi, Alaitz Telletxearen alboan. 2004an emon eben azken kontzertua eta, harrezkero, musikatik urrun ibili da, beste zeregin batzuk buruan. Hamabi urteko etenaren ostean, bueltan da Maider Zabalegi, oraingoan bakarka. Zuei diskoa (Elkar) plazaratu barri dau eta zuzeneko kontzertuak emoten hasi da. Zapatuan Oiartzunen kantau eban eta hilaren 24an, akustikoan, Bilbon izango da, Elkar aretoan 19:00etan.


1.- Hamabi urte pasautxu egin dozuz musikearen mundutik kanpo. Zerk bultzatu zaitu barriro kantak sortzen hastera?


Ba, egia da, urte honeetan guztietan ez nebala imajinau be egingo barriro bueltauko nintzanik. Baina tartean dolu prozesu batzuk egon dira eta, halako baten, barruan krak moduko bat sentidu neban, aititaren minbiziagaz batera izan zan hori. Dolu haretan nengoala, barriro gitarrea hartu neban. Kuriosoa izan zan, ze aitita hil zan arte, ez nintzan gauza izan kantua joteko. Hil zan egunean jo neban lehenengoz eta orduan izandako sensazinoa ezin da berbaz azaldu. Pakea eta askatasun izugarria sentidu neban, hori izan zan guztiaren hasikerea. Harrezkero, ez naz geratu: Sortzen, konposatzen, goizeko hiruretan itzarri... nik esaten dot hirugarren umetxu baten modukoa izan dala diskoa, negarrik egiten ez dauena. Prozesu polita izan da.


2.- Orduan, arrazoi personalak, barru-barrukoak, izan dira musikara bueltan ekarri zaituenak...

Duda barik. Nik betidanik sortu dot musikea animoz baju egon nazenean edo euforia handiko uneetan. Oraingoan be holan izan da. Deigarria da, ze hamabi urte luze honeetan ez dot horren beharrik sentidu. Badirudi orain dala momentua.


3.- 2004ko abenduan izan zan Alaitz eta Maiderren azken kontzertua. Urte asko izan dira zure barri izan barik.

Bai, egia da guztiz aldendu nintzala musikatik. Eten sakon moduko bat izan zan, ama izan nintzan eta burbuila moduko horretan sartu nintzan eta ez neban beharrik sentidu musikearen inguruko ezertan hasteko. Kontuan izan, gu oso gazte hasi ginala musikearen munduan, Alaitz eta Maider bikotean ibili ginan hareek urteak oso potenteak izan ziran. Asko ikasi neban, baina pixka bat urruntzeko beharra neukan, neure burua barriro kokatu. Orain, barriro bueltau naz, baina desbardina da, beste edade bat da. Dana oso desbardin bizi izaten nabil, segurtasun gehiagogaz.


4.- Horrenbeste urte eta gero barriro musikagintzearen prozesu guztia bizi izan dozu. Zer moduz ikusi dozu zeure burua?

Moldaketak eta halakoak egiteko orduan, oso gustora egon naz. Baina ahotsa grabau behar izan dodanean, egia da barruan ikara puntu bat euki dodala, zalantzak: Ondo egingo ete dot? Entzungo dodanagaz konforme geratuko naz? Baina abesten hasi nintzan eta etxean modura sentidu nintzan hasikeratik.


5.- Alaitz eta Maiderreko kideetako bat zan musikari eta abeslari haretatik zeozer geratzen da proiektu barrian?

Parte handi baten, ni orduko bera naz. Kantuei jagokenez be, badago arrasto bat. Alaitzek beti sortu izan dau musika martxosoagoa eta nirea poperoagoa zan eta, gaur egun be, bide horretatik segiduten dodala uste dot.


6.- Eta desbardintasun nagusiak zeintzuk dira, Alaitz eta Maiderren sasoiko zure estiloaren eta Zuei diskokoaren artean?

Hasteko, nik uste dot ama izateak sekulako klika egiten deutsula barruan. Horren kontura, neure buruari beste segurtasun bat ikusten deutsat, bizitzan beste ikasgai batzuk ikasi dodaz. Horretan nabarmenduko neuke aldaketea, biziteak emon deustazan ikasgai aberatsetan.


7.- Bakarkako lana izatekeran, personalagoa be bada disko hau, zure ibilbidearen hasikerakoen aldean?

Bai, askoz intimoagoa da disko hau. Urte honeetan guztietan bizi izan dodana musikaz jantzita dago diskoan. Motxila handi bat izatearen parekoa izan da, harri-koxkorrez beteten joan naz motxila hori. Harri batzuk oso politak izan dira, beste batzuk minberatsuagoak. Orain, hori guztia lehertu izan balitz modura ikusten dot, hasi naz harriak ateratzen, holakoa izan da prozesua.


8.- Izenburua Zuei da. Eskaintza bat da?

Diskoa ateratzeko orduan, atal bat egoten da eskerrak emotekoa. Baina ni hasi nintzanean bati eskerrak emon behar neutsazala, beste hari be bai... beharko neukez orriak eta orriak danei eskerrak emoteko. Orduan, pentsau neban, ba izenburua Zuei ipiniko dot eta, holan, hor danak sartzen dira. Personak, esaterako, baina loreak be bai, loreek emoten deustiezalako plazerrezko momentuak euren usain gozoagaz.


9.- Gai arantzatsu batzuk aitatzen dozuz abestietan: Abortua, errefuxiatuak, prostituzinoa... Ze ikuspegitatik landu dozuz horreek gaiak?


Gai potoloak badagoz, bai, gaur egungo kezkei lotuak. Halako gaiak izan arren, diskoa hartu eta argiak ikusten dodaz. Ni oso persona baikorra naz eta hau be holan bizi dot. Bizitzan gauza asko pasetan dira, baina alde txarretik edo onetik ikusi leitekez. Nik uste dot alde onetik begiratzeak laguntzen dauela. Batzuetan egoera gordinak dira eta ez dago atzera bueltarik, baina ikasgaiak dira azken finean.


10.- Musikeari jagokonez, lehen aitatu dozu Alaitz eta Maiderren alderdi poperoa zarela zu?

Egia esan, ez naiz pentsetan jarri zelako kantuak egin nahi dodazan. Bapatean sortutako zeozer izan da, batzuetan goizeko ordu txikietan sortzen jatazan kantuak. Gero, moldaketetan, Danik [Dani Venegas] izugarrizko lana  egin dau. Nik kantuak pasau eta emoten eban berak baekiala nik benetan zer nahi neban. Egun baten kantu bat pasau eta hurrengo egunean kanta horren moldaketea bueltetan eustan, eta nik esaten neutsan: Ai ama, Dani, hauxe berau zan buruan neukana!. Disfrutau egin dot, konpenetrazino ona izan dogulako.


11.- Dani Venegas bakarrik ez, beste laguntzaile batzuk be izan dozuz laguntzen eta zuzenekoetan zugaz joko dabe. Taldeak zer emon deutsu?

Disko hau eurak barik ez zan izango dan modukoa. Bidean topetan dogun persona bakotxak egiten dau ekarpena: Urbil Artolaren soinua, Joseba Loinazen pianoa, Karlos Aranzegiren bateria... bakotxak bere puntua jarri deutso.


12.- Eta Alaitz Telletxeak, zure bikotekide musikal ohiak, kolaborau dau. Hainbeste urte eta gero, ezin zan bera faltau.

Ni nazenaren parte bat Alaitzegaitik be bada, azken finean. Diskoa ateratzeko orduan, oso garbi neukan Alaitzek parte hartu behar ebala. Berak segiduan esan eustan baietz. Alaitzek diskoan egon behar eban, bai edo bai.


13.- Behin diskoa aurkeztuta, zuzeneko kontzertuak emoteari ekin deutsazu. Zelakoak dira zure zuzeneko emonaldiak?

Diskoaren bidetik doaz kontzertuak. Diskoko kantuak joten doguz, jakina, baina sartu ez doguzan beste batzuk be bai. Oiartzunen jo genduan zapatuan eta hilaren 24an Bilboko Elkar dendan joko doguz kanta batzuk era akustikoan. Maiatzaren 7an, Azpeitiko San Agustin kulturgunean joko dogu eta 19an, Durangoko Plateruenan. Ganera, beste emonaldi batzuk lotzen be bagabiz.


14.- Diskoa kalean dala eta zuzenekoak martxan, musikara bueltau zarela esan leiteke. Baina geratzeko bueltau zara ala behin behineko itzulerea da hau?

Azken urteetan ikasi dodan gauza bat da, orain hemen gagozala eta momentu hau bizi behar dogula. Gero ikusiko dogu zer datorren, ez naz gerora zer datorren pentsetan jarri. Gero gerokoak. Alaitzek beti esaten eustan carpe diem, bizi unean unekoa. Bizitza honetan, segundo bakarrean dana aldatzen jaku eta aprobetxau egin behar da, momentutxu eder guztiak bizi.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu