Piarres Xarriton euskaltzain emeritua hil da

Bizkaie! 2017-03-17 13:25   Euskerea berbagai

Baionan hil da, 95 urte zituala, Piarres Xarriton Zabaltzagarai irakasle, ikerlari eta euskaltzain emeritua, Euskaltzaindiak zabaldu dauenez.

Piarres Xarriton, Sarako Idazleen Biltzarrean (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gazte-gaztetatik gaitasun intelektual handia eta euskaraganako grina agertu zituan Piarres Xarritonek. Hori dala eta, Ipar Euskal Herrian, eta Euskal Herri guztian be bai, erreferente izan da hamarkada askoan. 1921eko urriaren 19an jaio zan, Lapurdiko Hazparne herrian, nekazari familia baten. Filosofian lizentziaduna zan, eta Teologian eta Euskal Ikasketetan doktore. Besteak beste, EHUn ibili zan irakasle eta aspaldi erretiroa hartuta egoan.

1947an abadetu zan Xarriton eta irakasle ibili zan hainbat herrialdetan. 1970eko hamarkadan abadetzea itxi eban. 1950ean euskaltzain urgazle izentau eban Akademiak eta 1985etik euskaltzain osoa zan. Piarres Lafitteren lana gogoratu eban sarrera-berbaldian. Gero, euskaltzain emeritu bihurtu zan, 2006an.

Artikulu eta liburu ugari argitaratu zituan Piarres Xarritonek. Besteak beste, Jean Etxepareren eta Piarres Lartzabalen lanak batu eta aztertu zituan. Literaturearen eta politikearen ganean sarri idatzi eban. Hiztegigintzan be ibili zan. Jentaurrean, berbetan abila eta euskera dotoreduna zala dinoe Xarriton ezagutu ebenek. Gizon kementsua zan ezkero, hainbat ekimenetan bultzatzaile izan zan: Ikastolak, Gure Irratia...

Euskerea ezpanetan, dotorezia berbetan, bikaintasuna idazkeran, halakoxea zan Piarres, esan dau Andres Urrutia euskaltzainburuak, Xarritonen heriotzearen barri izan eta gitxira. Euskerearen sua eta garra, holan gogoratuko dogu.

Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzainak be Piarres Xarriton laguna gogoan hartu nahi izan dau. Haren ekarpena ahozkoa izan zala azpimarratu dau, baina idatzizko ekarpen handia be egin ebala. Izugarrizko kulturea eukan, eta gaitasun handia berba egiteko, dino Davantek, baina ezin dogu ahaztu idazlan handia egin dauela, eskerrak zor deutsaguz euskaltzaleok.

Euskaltzaindiak zabaldu dauenez, Baionan hil da Piarres Xarriton. 95 urte eukazan. Barria jakin eta berehala, euskerearen eta euskal kulturearen inguruko hainbat eragilek Xarritonen ekarpen baliotsua gogoratu dabe.

1968ko Arantzazuko Batzarrean parte hartu eban Xarritonek
Ipar Euskal Herriko Euskaltzainak Urkiolan batu ziran 2009an. Ezkerretik hirugarrena da Xarriton.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu