Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Europan aurkeztu dau Kontseiluak

Bizkaie! 2017-03-17 09:32   Euskerea berbagai

Europako Parlamentuko Intergrupoan aurkeztu dau agiria Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Europako Kontseiluko arduradun batzukaz be batzartu da, Estrasburgon.

Paul Bilbao (ezkerretik lehena), Estrasburgon (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Abenduaren 17an adostu eta aurkeztu zan Donostian Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa. 30 hizkuntza-komunidadetako ehun eragilek baino gehiagok bultzatutako agiri horretan, Europa eregiteko beste oinarri bat eskatu eben, hizkuntza guztiak kontuan hartuko dituana. Orain uzta hori Europako erakundeetara ekarri nahi dogu, adierazo dau Paul Bilbaok.

Atzo, eguena, Intergroup for Traditional Minorities, National Communities and Languages izeneko batzordean aurkeztu eban protokoloa Paul Bilbaok. Egia da Europako Batasunak ez dauela ezelako erabagirik hartu nahi estaduek hizkuntza-politika demokratikoak abiarazo daiezen, azaldu dau Bilbaok, baina Europako Batasuneko Itunak edota Oinarrizko Eskubideen Gutunak jasoten dituen printzipioak Europa osoan beteteko oso erabilgarria da Protokoloa. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zehatzak jasoten ditu Protokoloak eta Europa osoan hizkuntza-eskubideak modu homogeneoan apliketako tresnea izan leiteke.

Intergrupo horretako europarlamentariei Bilbaok gomutau eragin deutsie 2013an onartu zala Europako Parlamentuan arriskuan dagozan hizkuntzen inguruko ebazpena. Bertan jaso ziran erespideak beteteko tresna eraginkorra izango litzateke Protokoloa, Kontseiluko idazkari nagusiaren ustez.

Europako Parlamentura egin dauen bidaiea aprobetxauta, Paul Bilbao Europako Kontseiluko hainbat kidegaz batzartu da, Estrasburgon bertan. Gitxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoko arduradunagaz, Eskualde edo Gitxiengoen Hizkuntzen Europako Ituneko idazkaritzako arduradunagaz eta Bardintasunerako eta Diskriminazinoaren kontrako Batzordeko buruagaz, besteak beste.

Europako Kontseiluaren eta gizarte eragileen arteko zubi sendoak eregi behar dirala uste dogu, adierazo dau Paul Bilbaok, batzarren ostean. Lehenengo bilerak izan dira honeek, baina etorkizun ona ikusten deutse Bilbaok mahai ganean ipinitako proposamenei. Protokoloa Europako erakundeetan erreferente izateko lehenengo urratsak izan dirala dino Kontseiluko ordezkariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu