Bingen Zupiria Argentinara doa Laurak Bat euskal etxearen 140. urteurrenean parte hartzeko
2017-03-16 10:08 Euskaldunak munduanKultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Argentinako eta Buenos Aireseko zenbait ordezkarigaz be batuko da barikutik aurrera.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Argentinara bidaia egingo dau gaur, Laurak Bat Euskal Etxearen 140. urteurrenean eta Buenos Aires celebra al País Vasco jaialdian izateko. Ekitaldi nagusi bi horreez gan, herrialdeko eta Buenos Aires uriko zenbait agintarigaz batuko da datozen egunotan, Euskadi eta Argentinaren arteko hartu-emonez berba egin eta lankidetzarako bide barriak zabaltzeko aukerak aztertzeko. Sailburuagaz batera, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia be izango da, baita Euskadik Argentinan dauen Ordezkaritzako kideak bere.
Euskaditik kanpoko euskal etxerik zaharrena da Laurak Bat eta aparteko garrantzia dauka Buenos Aires urian. Argentinako alkarte zaharrenetako bat be bada, eta herrialde honetako Senatuak omenaldi bat egingo deutso barikuan, Faustino Sarmiento Ohorezko Aitamena emonez Laurak Bateko ordezkariei. Kongresuak be errekonozimendua egingo deutso domekan zentro honi. Era berean, euskal etxean bertan urtemugea ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditue datozen egunotarako.
Urteurrenagaz bat eginez, Buenos Aires celebra al País Vasco ospatuko da zapatutik aurrera. Hainbat ekitaldi antolatzen ditue jaialdi honen inguruan eta euskereagaz, kultureagaz, kirolagaz edo gastronomiagaz lotutako 40 stand baino gehiago izaten dira Buenos Aires uriaren erdi-erdian. Euskal komunidadeak Argentinan dauen indarraren adierazle izaten da jaialdi hau.
Honako honeek izango dira bisita honen hitzordu nagusietako batzuk:
Barikua, martiak 17:
- Alkarrizketea Bingen Zupiria sailburuari Argentinako telebista publikoan.
- Senatuko jarduneko presidente Federico Pinedogaz bilerea.
- Senatuaren errekonozimendua Laurak Bat zentroari, Faustino Sarmiento Ohorezko Aitamena emonez.
- Pablo Avelluto Argentinako Kultura ministroagaz batzarra.
- Hernán Lombardi Hedabide eta Eduki Publikoen ministroagaz bilerea.
- FEVA eta Laurak Bat zentroko zuzendaritzakaz ekitaldia.
Zapatua, martiak 18:
- Buenos Aires Celebra al País Vasco jaialdiaren inaugurazinoa.
- Agintarien agurra. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batera, Adrián Varela Kolektibidadeen zuzendaria, Pamela Malewicz Giza Eskubideen eta Aniztasunerako idazkariordea eta Arantxa Anitua Laurak Bateko presidentea izango dira.
- Euskal etxeko umeen desfilea eta ohorezko aurreskua egindakoan, standak bisitauko ditue. Hainbat ekitaldi izango dira egun osoan zehar.
- Arratsaldean, Bingen Zupiria sailburuak berbaldia emongo dau.
Domekea, martiak 19:
- 140. urteurrenaren ospakizuna Laurak Bat euskal etxean.
- Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren interbentzinoa omenaldian.
- Argentinako Kongresuaren errekonozimendua Laurak Bati.
Astelehena, martiak 20:
- Colegio Euskal Echea ikastetxera bisitea.
- Angel Mahler Buenos Aires uriko Kultura ministroagaz (zinegotziagaz) bilerea.
- Euskadik Argentina-Mercosuren dauen ordezkaritzara bisitea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!