Zetazeoak ikusteko itsas-ibilaldiak hasiko dira barriro apirilean, Bermeotik urtenda
2017-03-16 09:29 KultureaZetazeoak 10etan kanpainea apiriletik urrira bitartean egingo da. Igaz 16 urteera antolatu ziran eta 13tan zetazeoak ikusi zituen parte-hartzaileek.
Ekoetxea Urdaibai, AMBAR itsas-faunearen konserbazinorako taldea eta Hegaluze enpresea dira Zetazeoak 10etan ekimenaren bultzatzaile nagusiak. Aurreko urteetan legez, aurten be itsasontzian ibilaldi gidatuak egingo ditue, parte-hartzaileei itsasoko faunearen barri emon eta baleak eta antzeko ugaztunak ikusteko ahalegina egiteko. Euskal kostaldetik hur ibilten diran zetazeoak bertatik bertara ikusi ahal izango ditue parte-hartzaileek. Modu horretara, espezie horreen konserbazinoak dauen garrantzia gizarteratu nahi dabe kanpainearen bultzatzaileek.
Ibilaldietan, neurriak hartuko dira itsas-ugaztunak ez kaltetzeko eta ez gogaitzeko. AMBAR alkarteko kide bat joango da txango guztietan eta itsasoko faunearen ganeko azalpenak emongo ditu. Hidrofono bati esker, zetazeoek egiten dituen soinuak entzun ahal izango ditue parte-hartzaileek.
Busturiako Madariaga dorretxean dauka egoitzea Ekoetxea Urdaibaik. Erakunde horrek azaldu dauenez, klase bitako ibilaldiak antolatuko dira: Zetazeoak 10etan eta Zetazeoak 10etan PRO. Kasu bietan, Bermeoko portutik urtengo dau itsasontziak.
Zetazeoak 10etan modadlidadean, lau orduko txangoak izango dira, 7 urtetik gorako edozeinentzat egokiak. Nagusiek 40 euro pagau beharko ditue eta, umeek, 28. Bestetik, Zetazeoak 10etan PRO sei orduko ibilaldia izango da eta 16 urtetik gorakoek baino ezin dabe parte hartu. Prezioa 48 euro da. Kostaldetik 20 miliara, 2.000 metroko sakoneran egoten diran animaliak ikusteko erea emongo dau: Cuvier baleak, katxaloteak eta abar.
2017ko denporaldiko urteerak hilean hilean iragartzen joango da Ekoetxea, webgunearen bidez. Plazak mugatuak dira eta, horregaitik, aurretiaz izena emon behar da, 94 687 04 02 telefonora deituta edo info@torremadariaga.org helbidera idatzita.
Igazko kanpainan 16 urteera egin ziran eta horreetatik 13tan, behaketea arrakastatsua izan zan. Besteak beste, izurdeak, kalderoiak eta Cuvierren zifioak ikusi ahal izan ziran. Azkenaldion loraldia izaten dabiz zetazeoak itsasoan ikusteko ekimenak. Zetazeoak 10etan Busturialde inguruko proiektua da, Bermeotik izaten dira urteerak. Baina badagoz Santurtzitik eta Getxotik urteten daben beste ekimen batzuk be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!