Eusko Jaurlaritzeak III. Kultura Ondarea Saria sustatu dau

Bizkaie! 2017-03-14 09:57   Kulturea

Igaz, 92 bideo aurkeztu zituen ikasleek, kultura ondarearen balioa azpimarratzeko asmoz.

Paddy Woodworth Irlandako gidea | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko bi edizinoen erantzun onaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Hezkuntza Sailagaz lankidetzan, Kultura Ondarea Saria 2017an parte hartzeko deia egin dau. Ekimen honen helburua euskal kultura ondarearen zabalkundea bultzatzea da, eta horretarako saritzen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek egindako bideoak.

Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek eta Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agotek aurkeztu dabe egunotan Bilbon sari honen edizino barria. Horreekaz batera, aurreko edizinoetako irabazleetako batzuk izan dira, Julio Caro Baroja BHI, Kantauri BHI, Avellaneda Ikastetxea eta Laudio Ikastolatik etorrita. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek proiektuaren bilakaera ona azpimarratu dabe, honegaz bat egiten dauen ikastetxe kopurua igon egin da eta. Lehenengo edizinoaren (2015) eta bigarrenaren (2016) artean, % 51 bideo gehiago izan ziran eta % 23 ikastegi parte-hartzaile gehiago.


Proiektua

Aurten, lehiaketan parte hartuko daben taldeek 3 eta 10 minutu arteko iraupeneko bideoak egin behar ditue, eta kultura ondare material edo immaterialagaz lotutako euren ikuspegia azaldu behar dabe, ondarea kontzeptua esangurarik zabalenean ulertuta. Ikasle parte-hartzaileek gai zehatz baten inguruan euren kontakizuna sortu behar dabe, ikus-entzunezko teknikak erabilita, taldean lan eginik eta euren ikuspegi barritzailea aurkeztuta. Ekimenak euskal kultura ondarearen balioa azpimarratu nahi dau gizartearen esparru guztietan, batez be hezkuntzearen esparruan, betibe gazteria sensibilizetako asmoagaz.

Proiektuak badauka blog bat (http://kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus/) eta ekimen honi buruzko informazinoa hurreratzeaz gan, kulturako, kiroleko eta euskal gizarteko hogei persona ingururen euskal kultura ondareari buruzko ikuspegia batzen dqu. Bernardo Atxaga, Jesus Altuna, Toti Martínez de Lezea edo Nestor Basterretxea (2014ko bideo batean) dira blogean agertzen diran izen aitagarrienetako batzuk. Era berean, blog horretan aurreko edizinoak irabazi dituen bideoak ikus daitekez, eta bideo tutorialen bidez ikus-entzunezkoaren munduan trebatzeko aukerea badago, gero proiektuan parte hartu ahal izateko.


Astebete Irlandan

Proiektu honen saria tutoreak eta lantaldeko kideek osotutako hiru talderi emoten jake eta Irlandara zazpi eguneko bidaia bat da, herrialdeko leku esanguratsuenetako batzuk ezagutzeko, baita haren kulturearen adierazpide aitagarrienak bere. Holan, euskal ikasleen hiru taldeek, euren irakasleakaz eta tokiko gidari bikaina dan Paddy Woodworth kazetari eta idazleagaz batera, herrialde horren historia eta errealidaderako hurreraketea biziko dabe Irlandako kultura, hezkuntza, gizarte eta gazteriaren arloko kolektiboakaz bizikidetzan eta alkarrekintzan.

Apirilaren 7ra arte izango da zabalik kultura ondarea ezagutarazoteko lagungarriak izango diran bideoak aurkezteko epea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu