Euskal blogarien topaketearen bigarren edizinoa egingo da martiaren 30ean

Bizkaie! 2017-03-10 11:54   Euskerea berbagai

Azkue Fundazinoak eta Argiak antolatutako Blogetan lehiaketearen amaierako jaia izango da. Mahai-inguruak eta berbaldiak egongo dira.

2014an egindako topaketearen irudi bat (argazkia: Azkue Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Blogetan sariketearen lehenengo edizinoagaz bat eginaz, 2014an antolatu zan lehenengoz Euskal blogarien topaketea. Aurten bigarrenez egiten dabiz sariketea eta, hortaz, topaketea be barriro antolatuko dabe Azkuek eta Argiak. Bilbon izango da, Euskararen Etxean, martiaren 30ean. Bazkalostean hasita (15:30), egitarau zabala atondu dabe.

Topaketearen helburua da, euskal blogintzearen inguruan sakontzea, jokerak eta etorkizuneko erronkak zeintzuk diran aztertzea eta hausnarketea zabaltzea, Azkue Fundazinoaren esanetan. 2014ko topaketan euskerazko blogetan dagoan aniztasuna agirian geratu zan eta oraingoan gai horretan gehiago sakondu nahi dabe, adituen laguntzinoagaz.

Jardunaldiagaz batera, baina, Blogetan lehiaketearen sari-banaketa ekitaldia egongo da Euskararen Etxean. Lehiaketa hori urtarrilean hasi zan, euskerazko blogik onenak saritzeko asmoz. Hautagai guztien artean botoa emon ahal izan dabe interneteko erabiltzaileek eta astelehenean jakingo da kategoria bakotxeko finalistak zeintzuk diran. Martiaren 30eko saioan emongo dabe irabazleen barri.

Epaimahaiak emoten dauen eretxia aintzat hartuta aukeratuko dira lau kategorietako irabazleak. Euskal blogarien topaketan emongo deutsiez sariak irabazleei. Eguna biribiltzeko, jardunaldi oparoa antolatu dau Azke Fundazinoak. Blogen inguruan dagozan hainbat ikuspegi aztertzeko modua emongo da jardunaldi horretan: legediari jagokona, sustapena, garapena... Berbaldi bi eta beste horrenbeste mahai-inguru egongo dira, Leire Palacios kazetaria aurkezle dala.

Lehenik eta behin, Weblogs enpresako arduradun Antonio Ortizek egingo dau berba. Weblogs gaztelaniazko sareko edukiak sortzen dituan enpresarik handienetako bat da. Ondoren, Biantik kooperatibako Ion Turrillasek emongo dau berbaldia. Teknologia aholkularitzan dabiz hor.

Mahai-inguruetara salto egin aurretik, euskerazko blogen inguruan Azkue Fundazinoa egiten dabilen inkestearen datuak ezagutzera emongo dira. Erabiltzaileen artean inkesta zabala egiten dabil fundazinoa, euskerazko blogen inguruko ikuspegi zehatza izateko.

Jardunaldia biribiltzeko, mahai-inguru bi egongo dira. Lehenengoaren izenburua Garapena, posizionamendua eta baliabideak izango da eta Estitxu Garai Artetxek egingo dau moderatzaile lana. Bigarrena, Ana Malagon moderatzaile dala, Sustapena, publizidadea eta monetizazinoa izenburukoa izango da. Mahai-inguru bietan blogen eta interneten munduan eskarmentu handia daukien adituek parte hartuko dabe.

Topaketearen amaieran, blog lehiaketearen sari-banaketea egongo da eta mokadutxua emongo deutsie bertaratutako guztiei. Solasaldia be antolatuko da. Teknologia barriek emoten dituen aukerak erakusteko, aldi bereko interpretazino zerbitzua egongo da Antonio Ortizen berbaldian, gaztelaniatik euskerara. Interprest sistema barria erabiliko da, Donostia 2016ren ekimenez Talaios eta Biantik kooperatibek garatua.

Euskal blogarien bigarren topaketa honetan doban parte hartu ahal izango dabe entzuleek. Dana dala, leku mugatua daukie Euskararen Etxean eta aurretiaz izena emon behar da. Egitarau osoa ikusteko eta izena emoteko, hemen.

2017/03/30 15:30

Bilboko Euskararen Etxean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu