EHUren Egungo Euskararen Hiztegiak 56.000 sarrera daukaz dagoeneko

Bizkaie! 2017-03-10 09:38   Euskerea berbagai

EHUren Euskara Institutua garatzen dabilen proiektu horretan, B letrea amaitu dabe. Euskera-euskera hiztegirik zehatzena da, egileen ustez.

Julio Gallastegi, Nekane Balluerka eta Pello Salaburu (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nekane Balluerka EHUko errektoreak agerraldia egin dau Bilbon, Pello Salaburu Euskara Institutuko zuzendariak eta Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiak lagunduta. Egungo Euskararen Hiztegian egon diran aurrerapenak nabarmendu ditue hirurek agerraldi horretan. B letrea amaituta, A eta E baino ez jako falta Euskara Institutuari proiektua amaitzeko. Ikusi hiztegia, hemen.

Gaur egun erabiltzen dan euskerea da hiztegiaren oinarria, 21. mendeko testuetan oinarrituta dago eta. Ibon Sarasola da egitasmoaren arduraduna. B letrea amaitzeko urtebete behar izan dabe, izan be, material asko dago letra horregaz hasita. Hiztegia amaitzeko falta diran A eta E letrak be, informazino ugarikoak dira (hiztegi guztiaren edukien % 20 inguru hartuko dabe).

B letrako edukiak amaitu ez eze, orain arte egindako lana orrazten ibili dira institutuko adituak. Hartara, gaur egun 56.425 sarrera daukaz Egungo Euskararen Hiztegiak, eta 203.666 azpisarrera. Horren barruan, 400.000 adibide baino gehiago (danak benetako testuetatik hartuak) eta 340.000 berba-moltso dagoz. 21. mendeko erabilera batzen dauen euskera-euskera hiztegirik zehatzena da, adierazo dabe EHUko buruek.

Egungo Testuen Corpusa izeneko bilduma handia da hiztegiaren oinarria. Bertan, 21. mendeko euskerazko milaka testu batzen eta aztertzen dira, berba bakotxa zenbat aldiz, nork, non eta zelan erabili dan jakiteko. Corpus erraldoi hori be Euskara Institutuaren ardurapean dago.

Corpus hori eta Sareko Euskal Gramatika dira Euskara Institutuaren proiektu nagusietako bi. Amaitu barik dagoan arren, azken lan hori da sarean dagoan euskal gramatikarik osoena. Egungo Euskararen Hiztegia be batu jake corpusari eta sareko gramatikeari. Euskara Institutuaren material guztia doban ikusi leiteke interneten, Pello Salaburuk azaldu dauenez. Interneten egotea abantaila handia da beste ikuspegi batetik be: Salaburuk azaldu dauenez, Egungo Euskararen Hiztegian batutako informazino guztia papelean argitaratuko balitz, 10.000 orrialdeko alea izango litzateke.

Nekane Balluerka errektorea pozik agertu da, EHUren proiektuak betetzen doazalako. EHUk badauka konpromisoa euskereagaz eta euskal kultureagaz, adierazo dau, Egungo Euskararen Hiztegia erreferentea izango da. Laboral Kutxako Julio Gallastegik ganeratu dauenez, euskeraz ikasteko, idazteko eta hizkuntzea aberasteko ezinbestekoak dira baliabide honeek. Sareko Euskal Gramatika atontzen hasi zanetik dauka Euskara Institutuak Laboral Kutxaren babesa, orain dala zortzi urtetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu