Pello Irazuren 30 urteko ibilbidea, Bilboko Guggenheim Museoan

Dabi Piedra 2017-03-09 13:50   Kulturea

Artista gipuzkoarraren ehun obra baino gehiago batu ditu Guggenheimek 105. aretoan. Azken hiru hamarkadetako euskal artea barritu dabenetako bat da Irazu.

Pello Irazu, LucĂ­a Agirre eta Juan Ignacio Vidarte | Ikusi handiago | Argazki originala

Batez be eskulturearen alorrean, azken urteotako artista barritzaileenetako bat da Pello Irazu (Andoain, 1963), Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariaren arabera. Ganera, Pello Irazu, panorama erakusketan, argazkiak, marrazkiak eta horma-irudiak be batu ditue. Museoko 105. aretoan egongo da ikusgai, bagilaren 25era arte. Lucía Agirre da komisarioa.

Ohiko atzera-begirakoa baino, hiru hamarkadako bilakaerea batzen dauen panoramikea da hau, adierazo dau Juan Ignacio Vidartek erakusketearen aurkezpenean. Landutako gaiei eta ikuspegi artistikoari jagokenez, Pello Irazurena ibilbide koherentea dala uste dau museoko zuzendariak, eskulturea, argazkia eta horma-irudiak ederto buztartzen dira bere obran. 1980ko hamarkadearen hasikeratik ia gaur egunera arte (2015ekoa da obrarik barriena), 30 urte inguruko errepasoa egiten dau Guggenheimek, Irazuren ehun obra baino gehiagoren bidez.

Lucía Agirre komisarioaren arabera, Pello Irazuk erraztasun handiak emon ditu erakusketea antolatzeko orduan. 105. aretoko espazioa atontzen eta obrak kokatzen parte hartu dau artisteak. Instalazinoa bera be, bere beste obra bat dala esan leiteke, azaldu dau Agirrek. Publikoa harrituko dau, beste uniberso baten sartuko da eta.

1980ko hamarkadatik hona, antzeko kezkak erabili ditu Irazuk bere sorkuntza-prozesuan. Orain dala 30 urteko kezkak oraindino lantzen segitzen dau, beste material batzuk erabilita, azaldu dau Agirrek. Pello Irazuk berak onartu dau antzeko kontuak dagozala hasikerako eta gaur egungo lanen oinarrian, baina hiru hamarkadotan formearen eta materialen inguruko gogoetea egin dau.

Erronka handia izan da Irazurentzat erakusketa hau atontzea, 105. aretoa zabala da eta. Bolumen handikoa da aretoa, eskala erraldoian lan egin behar izan dot. Espazio zabal horri aurre egiteko urtenbidea erdiko kale bat izan da. Hau da, aretoa alderik alde diagonalean zeharkatzen dau horma batek eta bertan hainbat marrazki ipini ditu. Erdiko kale horren inguruan, ostera, eskulturak eta argazkiak dagoz.

Funtsean, ibilbide zirkular bat egingo dau ikusleak Irazuren obran zehar. Autoreak berak azaldu dauenez, zaharrenetatik barrietara, modu kronologikoan ipini ditu artelanak. Baina zirkularra danez, barrienak zaharrenen aurrez aurre dagoz. Interes handikoa da niretzat, nire lanek zelan bizi daben gaurkotasuna ikustea, azaldu dau Irazuk.

Alde horretatik, pozik dago artistea: 30 urtean egin dodazan lanek gaurkotasunaren tensino horri eutsi deutsie. Ibilbide oparoa izan dau Irazuk, 1980an sortzen hasi zanetik. Hasikeran materialakaz esperimentetan hasi zan, ia-ia hasibarri baten moduan. Ondoren, New Yorken bizi izan zan 1990eko hamarkadan, eta horrek eragin sakona itxi eutsan. Aldi harek gehiago emoten ez ebala ikusi ebanean Bilbora bueltau zan eta han euki eban lehenengo hartu-emona Guggenheimegaz, museoaren bildumarako pieza batzuk eskatu eutsiezen eta.

Formatuari jagokonez, askotarikoa da Irazuren lana, baina material eta teknika guztiak alkarregaz lotuta dagozala dino. Bilbon eskulturea, argazkiak, marrazkiak eta horma-irudiak dagoz batez be. Halandabe, argazkiak sormen prozesua dokumentetako erabiltzen ditu gehienbat, ez horrenbeste aparteko disziplina modura.

Bagilaren 25era arte ikusi ahal izango da Pello Irazu, panorama. Ganera, museoko adituek gidatutako bisitaldi berezi bi antolatu dira, erakusketearen sekretuak hobeto ezagutzeko. Lehenengoa martiaren 22an egingo da, Lucía Agirre komisarioa gidari dala. Bigarrena, hilaren 29an, Marta Arzak museoko Hezkuntza Arloko zuzendariordearen eskutik.

'Acrobat', Pello Irazu (2000). Argazkia: Bilboko Guggenheim Museoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu