Barikuan jokatuko da 9. Bertso Derbia, Mikel Labaka gai-jartzaile dala

Bizkaie! 2017-03-09 09:34   Bertsolaritzea

Realaren eta Athleticen arteko derbiaren aurretik jokatuko da bertsolari txuri-urdin eta zurigorrien arteko lehia, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Real Sociedad eta Athletic fundazinoetako eta Donostiako Udaleko ordezkariak, Andoni Egaña eta Jon Maia bertsolariakaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Liga txapelketan Realak eta Athleticek alkarren kontrako partidua jokatzen dabenean, ohiturea bihurtu da bertsolarien arteko derbia antolatzea. Normalean, futbol partiduaren egunean bertan izaten da saioa baina, aurten, eguerdiko 12etan hasiko da derbia eta, beraz, bertsolarien jarduna aurreratu egin dabe: Bariku arratsaldean izango da eta, partidua, domeka eguerdian.

Real Sociedad Fundazinoak antolatu dau 9. Bertso Derbia, Athletic Fundazinoaren, Donostia Kulturaren eta Usandizaga Institutuaren laguntzinoagaz. Gipuzkoako uriburuko Antzoki Zaharrean ipini dabe hitzordua, bariku arratsaldeko 19:00etan. Sartzea doban da eta gonbidapenak futbol klub bien bidez eskuratu leitekez.

Aurtengo hitzordurako, gai-jartzaile berezia aukeratu dabe antolatzaileek: Mikel Labaka jokalari ohia. Azpeitiarrak urte askoan jokatu eban Realean eta gaur egun talde horretako teknikarietako bat da. Saioa aurkeztea eta bertsolariei gaiak ipintea izango da Labakaren egitekoa.

Realaren izenean, Andoni Egañak, Amets Arzallusek eta Maddalen Arzallusek kantauko dabe. Beraz, Euskal Herriko txapeldun bi izango dira oholtzan kolore txuri-urdinak defendiduten. Athleticen partetik, ostera, Igor Elortzak, Arrate Illarok eta Jon Maiak kantauko dabe.

Barikuko saioa izango da Bertso Derbiaren ardatza, baina domekan, partidua hasi baino lehenago (11:00etan), Anoetako estadioaren inguruan ibiliko dira sei bertsolariak, bertsoen bidez giroa berotzen. Futbol zelaiaren 8. atearen aurrean batuko dira.

Bertso Derbia Athleticen eta Realaren fundazinoek egiten daben ahalegina da, kirola eta kulturea buztartzeko. Talde bien arteko derbi guztien aurretik antolatzen ditue saioak. Euskerearen normalizazinoaren alde fundazino biek egiten daben lanaren erakusgarri dala dinoe.

2017/03/10 19:00

Donostiako Antzoki Zaharrean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu