Alex Txikonek amaitutzat jo dau Everesteko espedizinoa

Bizkaie! 2017-03-08 13:54   Euskaldunak munduan

Eguraldiak txarrera egin dau eta Behe Kanpalekura bueltau da Lemoako mendizalea. Ohar baten bidez jakin eragin dau espedizinoa amaitu dala.

Everest neguan eta oxigeno barik igoteko helburuz joan zan Alex Txikon Nepal aldera abenduan baina, 74 eguneko espedizinoaren ostean, amore emon behar izan dau. Egunotan Bigarren Kanpalekurako bidea egin dau lemoarrak baina eguraldiak ez deutso gorago joaten itxi. Ganera, hurrengo egunetarako aurrikuspena ez da ona eta, beraz, Behe Kanpalekura bueltau da. Han erabagi dau espedizinoa bertan behera lagatzea.

Eguraldi oneko tarte bat aprobetxauta, atzo Bigarren Kanpalekutik (6.400 m) Laugarrenera (ia 8.000 m) igotea zan Txikonen asmoa, gaur tontorrera heltzeko ahalegina egiteko. Haizea gogorregi ebilela eta, atzo bertan Bigarren Kanpalekutik urten ezinda geratu zan lemoarra. Eguraldi zantarragoa dago emonda hurrengo egunetarako, ganera. Gaur goizean heldu da Txikon Behe Kanpalekura.

Everestetik Txikonek azaldu dauenez, eguraldiaren iragarpena ikusita, arriskutsuegia izan da mendian gora egiten segidutea. Bere bizia eta taldekideena arriskuan ipintea izango zan eta, hortaz, atzera egitea izan da zentzuzkoena. Era berean, taldekideak nekatzen hasita egon dirala dino lemoarrak, aurreko egunetako lanaren ondorioz. 

Egunotan haizeak eten barik jo dau, 60-70 km/h-ko abiaduran. Hotza be izugarria izan da, -40 ºC ingurukoa eta, haizearen erruz, -50 ºC-ko sensazino termikoa egon da. Hurrengo egunetan haizeak gogorrago joko dauela jakin dau Txikonek. Ganera, edurra hasiko dau laster eta edurjausien arriskua areagotuko da. Bigarren Kanpalekuan geratzea be arriskutsua izan dala dino Txikonen lantaldeak.

Satelite bidezko telefonotik, Txikonek egoerearen barri emon deutse Euskal Herrian dituan lankideei: Aurrera egitea suizidioa izango zan, esan deutse, espedizinoko arduraduna nazen neurrian, ezin dot sokakideen bizia arriskuan ipini, ezta neurea be. Gatxa, baina beharrezkoa, izan ei da Behe Kanpalekura bueltetako erabagia.

Abenduaren 25ean urten eban Alex Txikonek Bizkaitik Nepalera bidean, orain arte inork lortu ez dauena egiteko asmoz: Everestera neguan igotea, eta oxigeno artifizialik erabili barik. Bertotik joandako talde txiki baten eta hango xerpen laguntzinoagaz, pixkanaka ekipau eban Laugarren Kanpalekurainoko bidea. Tontorrera igoteko prest egozala, baina, neguko eguraldi eskasak atzera eragin eutsien. Txikonek berak kontau ebanez, hilteko arriskuan egon ziran, edur-jausi batek harrapau zituan eta (xerpa bat buruan zauritu zan).

Horren ostean, gorabeherak izan zituan babes teknikoa emoten deutsan agentziagaz eta Katmanduraino bajatu behar izan eban. Nepalgo uriburuan astebete egin eta, gauzak konponduta, atzera joan zan Behe Kanpalekura, helikopteroan. Bidea barriro ekipetan hasi eta bigarren ahaleginari ekin eutsan. Bigarren honek be huts egin dau, baina.

Txikonek azaldu dauenez, proiektua behin betiko amaitu da, aurtengo neguari jagokonez behinik behin. Hau da, Katmandura joango da orain deskantsetera eta laster etxerako bidean izango da. Gitxi gorabehera datorren astearen erdi partean helduko da Alex Txikon Loiuko aireportura, ondo bidean.

Aurten huts egin dauen arren, gogotsu dago Alex Txikon. Satelite bidezko telefonotik adierazo dauenez, Everest ez da dagoan lekutik mobiduko eta aukera gehiago egongo dira; orduan, barriro ahaleginduko naz mendi hori erarik puruenean igoten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu